Nafarroako foru erregimenaren zerga ahalmena eta eskuduntza gatazkak aztertuko dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatu dituen Ikerketako XIII. Jardunaldietan. Topaketaren izenburua "Nafarroako foraltasuna eztabaidagai" da eta azaroaren 19 eta 20an egingo da Arrosadiko campuseko Arteak eraikineko Ada Byron aretoan. Parte-hartzea doakoa da aldez aurretik izena emanda Zientzia Juridikoen Fakultateko idazkaritzan. Jardunaldi hauei buruzko informazioa NUPen webgunean dago.
Nafarroako foru erregimena aldaketa historikoetara egokitzeko gaitasuna baduela frogatu duen antzinako erakunde bat da, eta horri esker irauteaz gain hobetu ere egin da. Krisi ekonomiko, sozial eta politikoa nagusi den egoera honetan dena jartzen da auzitan, eta foraltasuna ere bai, hainbat jatorri, izaera eta xede dituzten presioen eraginpean baitago. Legealdi honetan hamar foru lege baino gehiagoren aurkako errekurtsoak aurkeztu dira Konstituzio Auzitegiaren aurrean, eta badirudi foraltasunari buruzko ikusmoldeak bi jarreraren inguruan bildu direla: alde batetik foru erregimena gaur egun inolako justifikaziorik ez duen pribilegio historiko eta elkartasunik gabekotzat hartzen dutenena; eta bestetik nafar autogobernua baldintzarik gabe eta erabat egikaritzeko bide gisa ulertzen dutenena.
Arazo zehatzen analisi teknikoa
Zientzia Juridikoen Fakultateak ez dio eztabaida horri uko egin nahi izan eta Jardunaldi horien bidez gai oso zehatzei buruzko gogoetak eskaini nahi ditu. Foraltasunaren oinarriei, eskubide historikoei, foraltasunaren irudiari eta funtsari buruzko eztabaida saihestu da arazo zehatzen analisi tekniko bat egiteko. Horretarako unibertsitateko irakasleak diren eta gai horretan izena duten hizlariek parte hartuko dute.
Jardunaldiak bi saiotan egituratu dira. Lehen saioan hiru eskuduntza esparru gatazkatsu aztertuko dira: funtzio publikoa, familia eta oinordetza zuzenbidea eta ingurumen eta energia politika, arreta berezia jarriz frackingean. Rafael Lara NUPeko Merkataritza Zuzenbideko katedraduna izango da mahai-inguruaren moderatzailea eta Martín María Razquin, Administrazio Zuzenbideko katedradunak, María Ángeles Egusquiza, Zuzenbide Zibileko katedradunak eta José Francisco Alenza, Administrazio Zuzenbideko irakasleak parte hartuko dute.
Bigarren saioan zerga eta finantza arloko gaiak aztertuko dira eta hainbat gairi buruz gogoeta egingo da, hala nola Nafarroaren zerga ahalmenaren izaera, Autonomia Erkidegoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoaren (LOFCA) aplikagarritasuna, eta estatuak bere zergak alde bakarretik ezartzea auzitan jartzea eta Nafarroaren ekarpena Estatuaren finantzaketari. Kasu horretan, Hugo López, Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakaslea izango da moderatzailea, eta hizlariak hauek izango dira: Fernando de la Hucha, NUPeko Finantza Zuzenbideko katedraduna; Violeta Ruiz, Carlos III Unibertsitateko Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakaslea; Ignacio Amatriain, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren burua eta NUPeko ohorezko irakasle laguntzailea; eta Idoia Nieves, NUPeko Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakasle elkartua.