Joan eduki nagusira

zoom Abel Camacho, ezkerrean, eta Fermín González

Abel Camacho, ezkerrean, eta Fermín González

Abel Camacho Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko zenbakizko analisiko alorreko irakaslea da, eta egonaldi bat egiten ari da NUPen, ikerketa lan bat egiteko logika irakasteko kontzeptu mapen laguntzarekin. Horretarako, liburu bat idatziko du Fermin Gonzalezekin batera. Gonzalez NUpeko Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna da, eta aditua da ikaskuntza esanguratsuari buruzko ikerketan, errakuntza kontzeptualen arazoetan, ingurumeneko didaktikan eta kontzeptu mapen eta UVE diagramen aplikazioan irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko.

Abel Camachoren ikerketa-lerroetako batek logikaren irakaskuntza du helburu, eta Fermin Gonzalezek Mexikoko hainbat hezkuntza-erakunderekin (Institutu Politekniko Nazionala eta Mexikoko Unibertsitate Autonomo Metropolitanoa) dauzkan harremanak baliatu ditu NUPera etortzeko bere urte sabatikoan, ikertzeko kontzeptu mapek zer nolako laguntza ematen ahal dieten logika irakasten duten irakasleei.

Kontzeptu mapek balio handikoak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak eta curriculumeko gaien diseinu egokia hobetzeko, baita ebaluazioa hobetzeko ere, ebaluazioa irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntza etengabea den aldetik ulertuz gero.

Abel Camachok azaltzen duenez, logikaren irakaskuntzan formalismoa eta zorroztasuna gordetzea ohikoa da. "Logika ikastea oso gogorra da eta axiomen irakaskuntza urteetan luza daiteke", adierazi digu irakasle mexikar honek; aitzitik, uste du kontzeptu mapetan garrantzia handia ematen zaiela ikaslearen psikologiari eta motibazioari.

"Logika ezagutarazteko, uste dugu hobe dela entusiasmoa piztea zorroztasuna gurtzea baino", azaldu digu Abel Camachok. Fermin Gonzalez katedradunarekin idazten ari den lanaren oinarria, beraz, ikasleen arreta piztea eta motibatzea da, logika diziplina hobeki ezagut dezaten.

Abel Camacho joan den abuztuan iritsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikora, eta bere egonaldia 2015eko urtarrilaren bukaeran amaituko da. Ordurako espero du ikerketa-lana prestu edukitzea. Lana datorren urteko erdi aldean argitaratuko da.

Bere aldetik, Fermin Gonzalez da ikaskuntza esanguratsuaren eta kontzeptu mapen munduko ikertzailerik garrantzizkoenak biltzen dituen nazioarteko biltzarrekoa kide espainiar bakarra. Meaningful Learning Research Group Advisory Board izenekoaren helburua da erakundeei aholkua ematea, hezkuntza hobetzeko ikaskuntza esanguratsuaren eta kontzeptu mapen bidez. Joseph D. Novak ikertzaile estatubatuarra, kontzeptu mapen sortzailea, da biltzar horren burua. Ez da ahaztu behar Novak honoris causa doktorea izendatu zutela 2011n Nafarroako Unibertsitate Publikoan.