Joan eduki nagusira

zoom Rakel Gastesi Barasoain

Rakel Gastesi Barasoain

Nekazaritzako jardueretan erabiltzen diren kutsatzaile kimikoen (ongarriak, pestizidak, belar-hiltzaileak, etab.) soberakina euri-urak eramaten du lurzoruaren higadurak sortutako sedimentuekin batera. Higaturiko materialak sare hidrografikora iristen direnean, uretan behera, ingurumen-eragin bat sortzen dute, sarea lohiz betetzen dutelako eta/edo kutsatzen dutelako. Rakel Gastesi Barasoainek tresna bat inplementatu du bere doktoretza tesian. Tresna horrek nekazaritzako higadura eta kutsadura zenbatzen ditu, eta NUPeko doktoreak Nafarroako erdialdeko arro batean aplikatu du. Bere emaitzetatik abiatuz, eredu informatikoari esker arro horretako azterketak beste eremu batzuetan gertatzen denera aplikatzeko eta etorkizuneko egoerak aztertzeko aukera dago.

Rakel Gastesi Barasoain nekazaritza ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere ikerketarako oinarri gisa erabili ditu Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Nekazaritzako Arro Esperimentalen Sareak hamar urtetik gorako aldian bildutako datuak. Zehazki, Deierriko bailarako Tejeriako arroari buruzko datuetan oinarritu da. Aipatzen duenez, “meteorologia datuak dira, sedimentuen sorkuntzari buruzkoak eta uren kalitateari buruzkoak, eta datu horiei esker lurraren egungo erabileraren eragina ebaluatzeko aukera dago, eta, epe luzean, arazoaren diagnostikoa egiteko aukera”.

Hortik abiatuta, “AnnAGNPS” (Annualized Agricultural Nonpoint Source Pollution) ingurumen kudeaketarako ereduarekin lan egin du. Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuak garatu zuen eredu hori, eta mundu mailako eredu bat da esparru honetan. Ura, sedimentuak eta gai kimikoak arroan nola garraiatzen diren simulatzeko sortutako eredu bat da, eta, beraz, egokia da nekazaritza jarduerak sare hidrografikoan duen eragina ebaluatzeko.


Egoerak aurreikustea


Ikerketa hori egitean ohartu dira une batzuetan higadura-intentsitate handiak daudela, urte batetik bestera asko aldatzen bada ere; nitratoen kontzentrazioa oso handia dela urte osoan eta erregistratutako urte guztietan; eta nekazaritza labore-ekoizleak ere higadura tasa handiak sor ditzakeela, batez ere lugorriarekin txandakatzen bada. “Batez ere neguko hilabeteetan gertatzen da sedimentuen deskarga La Tejeríako arroan, eta urtean behin edo bi aldiz kontzentratzen da”, esan du Rakel Gastesik. "Batzuetan iraupen gutxiko lubakiak (higadura-ibilgu txikiak) sortzen dira arroan, eta higadura jasateko arrisku handiagoa duten lurzoru-erabileretan gertatzen da, hala nola lugorria eta ekilorea".

Halaber, higadura eta nekazaritzako kutsadura lausoa (ongarriek ekarritako nitratoak eta fosfatoak) zenbatzen duen tresna bat kalibratu eta balidatu da Nafarroako erdialdeko arro horretan. Azaldu duenez, “simulazioek hobe funtzionatzen dute sasoi hezeenetan, batez ere erabilitako ereduaren osagai hidrologikoari dagokionez. Emaitzetatik abiatuz, aztergai den arroari buruzko analisiak beste eremu batzuetan gertatzen denera aplikatzeko aukera ematen digu ereduak. ”

Alde horretatik, inplementazioari esker “era egokian simulatu da zer gertatzen den arroan eta, beraz, honelako egoera aztertzeko aukera ematen du: "zer gertatuko litzateke, baldin eta..." Aztergai den arro labore-ekoizlean (164 hektarea) lurzoruaren erabileraren eta maneiuen aldaketen hainbat egoera sortu ditugu; kontserbazio tekniken eragina ikertu dugu, hala nola lantze txikiena eta hazkuntza maila kurben arabera edo lurzoruen erabilera aldatzea larre bihurtzeko higadura gehiena eragiten duten lur sailetan. Kasu bakoitzean, aldaketa horien eragina aztertu da jariatzearen, sedimentuen eta nitrogenoen sorkuntzan (urteko batez bestekoa) arroaren irteeran".

Eredua kalibratu eta balidatu da, eta bere aurreikuspen gaitasuna erabili da. Beraz, arro kudeatzaileek jada erabil dezakete, hala nola konfederazio hidrografikoak, nekazaritzako kooperatibak, industria, nekazaritza-institutuak eta administrazioak, lurralde politikako erabakiak hartzen laguntzeko, nekazaritza eskualde baten kudeaketari dagokionez. Ikerketa horren bidez ekarpenak egin dira ereduaren aurreikuspen gaitasuna hobetzeko eta aztertzeko, eta amerikarra ez den lurraldean eta urteko hainbat sasoitarako tokiko euriteen banaketa tipoak kontuan hartzeko gaitasuna eman zaio AnnAGNPSri.

“Efectos de la actividad agraria sobre los recursos hídricos y la erosión del suelo. Análisis y modelado en cuencas experimentales de la zona media de Navarra” izenburua duen tesia USDA (Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuko) National Sedimentation Laboratoryrekin zuzenean lankidetzan garatu da. Javier Casalí Sarasibar eta José Javier López Rodríguez Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleek eta USDAko Ronald Bingner doktoreak zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Rakel Gastesi Barasoain nekazaritza ingeniaria da NUPen, eta bere promozioko espediente hoberenaren saria lortu zuen bertan. Environmental Technologyko master-titulua lortu zuen Wageningeneko (Holanda) Unibertsitatean, eta doktoretza egiten ari zen bitartean ikerketa egonaldiak egin zituen National Sedimentation Laboratory-n (Oxford, Mississippi) 2001, 2003 eta 2005 urteetan. Horri esker lankidetzan jardun zuen Ronald Bingner eta Fred Theurer doktoreekin AnnAGNPS ereduaren buruekin. 2004an, Fulbright beka bat lortu eta gero, bere ikerketa-esperientzian sakondu zuen Princetongo (AEB) Unibertsitatean, James Smith doktorearen ikuskaritzapean. Hainbat ikastaro egin zituen lurpeko uretako, hidrologia estokastikoko, ekohidrologiako eta hidrometeorologiako adituen eskutik.

Gero, 2005etik 2007ra arte, NUPeko irakaskuntza taldeetako kidea izan zen Gastesi doktorea, eta hidraulikako eskolak eman zituen ingeniaritzako azken ikasmailetan. 2007an, teknikari lanetan hasi zen Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (CENER) Eguzki Energia Termikoko Sailean, eta 2009an Tracasa enpresa publikoan hasi zen lanean Uraren Ingeniaritza Zerbitzua zuzentzeko. Ordutik aurrera ibai-arroetako uholde-arriskuari buruzko azterketak, sare hidrografikoaren diseinuari buruzko azterketak eta uholde-arriskuaren kudeaketari buruzko hainbat xehetasun-azterketa egin ditu.