Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Gonzalo Reguera, Itxaso Jusué, Anchel Reyes, Nacho Esparza, Santiago Gimeno eta Carlos Vilches.

Ezkerretik eskuinera, Gonzalo Reguera, Itxaso Jusué, Anchel Reyes, Nacho Esparza, Santiago Gimeno eta Carlos Vilches.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak azterketa bat egingo du Tindufeko (Argelia) errefuxiatu saharauien esparruetako gazteriaren egoera eta beharrei buruz. Lan taldearen burua Carlos Vilches da, NUPeko soziologia irakaslea. Taldea sortu zen Asociación de Amigos y Amigas de la RASD-Sahara Elkarteak hala eskatu zuelako. Elkarte hau Gasteizko GKE bat da, eta ikerketa kontratu bat izenpetu du Unibertsitatearekin. Arabako Foru Aldundiak finantzatzen du ikerketa.

Ikerketa lanaren helburua da sakon ezagutu eta ebaluatzea Tindufeko kanpamenduetako gazteen egoera (jarrerak, iritziak, balioak, bizitzeko ohiturak, sinesmenak eta beharrak). Ikerketa honen emaitzak Gazteriaren Plan bat prestatzeko oinarriak izango dira. Planaren bidez lortu nahi dena da eremuetako gazte-taldeentzat egokiak diren programak, jarduerak eta zerbitzuak garatzea.

Beste hauek ere lan taldearen partaideak dira: Natxo Esparza Fernández, NUPeko Soziologiako Lizentziaturako titulatua eta aditua gazteriari buruzko gaietan, eta Gonzalo Reguera Zaratiegui, Itxaso Jusué Fernández eta Anchel Reyes Garreta, denak Soziologia Aplikatuko Gradua amaitu berri duten NUPeko ikasleak. Joan den astean talde osoak lan bilera bat egin zuen. Bilera horretan Asociación de Amigos y Amigas de la RASD-Sahara Elkarteko Santiago Gimeno Pelegay ere egon zen.

zoom Carlos Vilches, ezkerrean, gazte talde batekin, joan den urrian egin zuen bisitan.

Carlos Vilches, ezkerrean, gazte talde batekin, joan den urrian egin zuen bisitan.

Carlos Vilchesek urrian bisitatu zituen eremuak gauzak prestatzen joateko. Horretarako, Frente Polisarioko, gazteen erakundeetako eta irakaskuntza zentroetako ordezkariekin hitz egin zuen. Halaber, bisita baliatu zuen azpiegitura eratzen lagunduko dieten sei gazterekin harremanetan jartzeko. Taldea abenduan joango da Tindufeko kanpamenduetara, lan guztia egitera. Lana 2015eko martxorako bukatu behar da.


Diagnostikoa eta ekintzak


Carlos Vilchesek azaldu duenez, Asociación de Amigos y Amigas de la RASD-Sahara Elkarteak atzeman du etsipen maila handia gazte saharauien artean, batez ere ezin dutelako Marokok okupatzen duen lurraldera itzultzeko helburua lortu. Era berean, kanpoan ikasteko aukera daukaten gazteetako askok, kanpamenduetara itzultzen direnean, ilusioa galtzen dute han ez daukatelako lan egiteko aukerarik edo bizitza-proiekturik garatzerik.

Unibertsitateak jaso duen mandatua da egoeraren diagnostikoa egitea, kuantitatiboki eta kualitatiboki aztertuz hezkuntza, lana, erlijio-bizipen berriak, gazte-gatazkak, genero berdintasuna, aisialdiaren erabilera, osasun-ohiturak, kanpamenduetatik kanpo bizi izandako esperientziak, elkarte-harremanak, parte hartze sozial eta politikoa, edo eta gazteen imajinarioa beren etorkizun pertsonal eta komunitarioari buruzkoa nolakoa den. Diagnostiko hau egiteko eztabaida-taldeak egingo dira, elkarrizketa sakonak, galdetegia eta komunikazio eta eztabaidako lantegiak.

Diagnostiko honetatik abiaturik, gazteen arloan parte hartzeko plan bat prestatuko da, kolektibo honen beharren araberako politikak martxan jartzeko, ikuspegi global batetik.