Joan eduki nagusira

zoom Esperimentatu kimikarekin lantegietako parte-hartzaileak

Esperimentatu kimikarekin lantegietako parte-hartzaileak

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Asteen 14. edizioa astelehenean, azaroaren 10ean, hasiko da 17:30ean, Iruñeko Gaztelu Plazan. Jarduera ugari egingo dira, besteak beste, lantegiak, hitzaldiak, bisitaldiak, ikuskizunak eta erakusketak. Ekitaldiak azaroaren 16ra arte luzatuko dira, eta xedea da hainbat arlo zientifiko hurbiltzea mota guztietako jendearengana.

Ekimen honen sustatzaileak dira: Iruñeko Planetarioa, Zientziaren Lagunen Elkartea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultatea eta Nafarroako Gobernua. Gainera, Nafarroako beste enpresa eta erakunde batzuek laguntzen dute jarduerak garatzen astean zehar.

NUPek, Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez, hainbat jarduera antolatu ditu, Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzaketa daukatenak. Xedea da hiritarren kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerei dagokienez. Programa osoa kontsultatzeko dago www.unavarra.es eta www.semanasciencianavarra.org webguneetan.

zoom Joan den urteko Zientziaren Astearen edizioko inaugurazioaren irudi bat

Joan den urteko Zientziaren Astearen edizioko inaugurazioaren irudi bat

Jarduerak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasiko dira "Esperimentatu kimikarekin" izeneko lantegiekin. Xedea da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko gazteek hainbat esperimentu egin ditzaten Unibertsitateko laborategietan eta, horrela, ezagutzea ikertzaileek lanerako duten metodoa, hipotesiak planteatzea, emaitzak behatzea eta beren ezagutzan aurrera egitea.

Gainera, "Izan zaitezke oihanaren zaintzaile hoberena 500 urtez?" eta "Eraman landareak mugikorrean" lantegiak programatu dira. Doako jarduerak dira, jende guztiarentzat zabalik daudenak. Hala ere, ikaspostu mugatuak daudenez gero, aldez aurretik izena eman behar da. Jarduera hauei buruzko informazioa eskuragarri dago (www.unavarra.es/unidadculturacientifica) NUPen Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean.

Era berean, Zientziaren Astearekin bat eta CSIC-en 75. urteurrenaren harira, Agrobioteknologia Institutuak (hirutariko zentroa da, eta bere titulartasuna elkarrekin dute Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak -CSIC, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak) pare bat hitzaldi antolatu dituzte: "Zientzia gure egunez egunekoan" eta "Doñana: gizateriaren ondarea, gizakiaren eskuak landua Neolitiko garaitik". Iruñeko Planetarioan egingo dira, arratsaldeko 18:00etan, azaroaren 11n eta 13an, hurrenez hurren.

Azaroan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bi dibulgazio jarduera egingo ditu: hilaren 17an Sario eraikinean inauguratuko da "Protokalkulagailuak: eskuzko eta zenbakizko kalkulurako gailuak" izeneko erakusketa, eta 26an irrati-astronomiari buruzko lantegi bat egingo da.