Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko 29 ikasle lehiaketa batean ari dira parte hartzen gaurtik, azaroaren 5etik, Angelun (Frantzia), Frantziako eta Nafarroako beste 200 unibertsitate ikasleekin, Pirinioetako bi aldeetako zenbait enpresak proposatu dituzten eta eraikuntzarekin eta ingeniaritzarekin zerikusia duten proiektuei irtenbide berritzaileak eta sormenezkoak aurkitzeko. Europako Batasunak finantzatzen du berrikuntza-lehiaketa hau, EGEF (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) funtsen bidez.
"Unibertsitateen arteko Challenge" honetako parte-hartzaileak dira, NUPez aparte, Bidarteko ESTIA Ingeniaritza Eskola (École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées), Angeluko ISA-BTP (Université de Pau et des Pays de l’Adour), eta NUko (Nafarroako Unibertsitatea), Bordeleko ENSAPBX-eko (Université de Bordeaux) eta Tolosako TLSE-ko (Université Toulouse III-Paul Sabatier) arkitektura eskolak.
Lehiaketa, "24 heures de l’innovation" ("Berrikuntzaren 24 orduak") deitzen dena, datorren ostiralera arte, azaroaren 7ra arte, egingo da Angeluko ISA-BTP Ingeniaritza Eskolan, aldi berean Miarritzen egiten ari den INNOBAT eraikuntza-feriaren testuinguruan.
Parte hartzen duten sei unibertsitateetako ingeniaritzako eta arkitekturako ikasleek osatutako hogei talde diziplinarteko, bakoitzak hamabi pertsonak osatua, azokan dauden enpresa guztien proiektu-aurkezpen batera joango dira, eta gehien interesatzen eta lan egiteko modukoenak iruditzen zaizkienak aukeratuko dituzte.
Proiektuek zerikusia dute BIM deitzen den eraikuntza-proiektuak kudeatzeko modu berri batekin (sigla horiek, ingelesez, eraikuntzarako informazio-modelatua esan nahi dute, eta zerikusia dute eraikuntzari buruzko datuak sortu eta kudeatzearekin, bere bizitza-ziklo osoan zehar).
Bi lan egun
Ondorengo 48 ordutan, talde bakoitzak proiektu bat hartuko du aintzat, eta erantzun berritzaile bat garatuko du aukeratutako arazoarentzat. Horretarako egoki jotzen dituen tresnak erabiliko ditu, eta bere lan, lo eta atseden orduak antolatuko ditu. Hurrengo ostiralean, talde guztiek beren lanak azalduko dituzte hamar minutuz, Pirinioetako bi aldeetako enpresen eta unibertsitateen ordezkariek osatutako epaimahai baten aurrean. Ideiarik onena aurkezten duen taldeak saria eramango du.
Ekimena Eskal Eureka frantziar enpresen klusterrak antolatu du, eta beste entitate batzuen artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Unibertsitateak berak mantentzen duen Industria Ingeniarien Elkargoko Katedraren eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren laguntza dauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere ordezkariak aukeratzeko, kontuan hartu izan ditu jarduera honetan parte hartzeko erakutsi duten interesa, ikasketa-espedientea eta frantses hizkuntzaren ezagutza. Ikasleak prestakuntza-ikastaro batera joan dira, berrikuntzarekin eta, zehatz esateko, BIM plataformarekin eta “Lean construction”ekin loturiko hainbat gorabeherari buruzko informazioa jasotzeko (azken hau eraikuntza alorreko kudeaketa-metodologia berri bat da, bezeroarentzat balioa sortu eta hondakina deuseztatzen duena). Bi tresna hauek produktibitatea hobetzen dute, eta AEBn, esterako, non dagoeneko martxan baitaude, ezarri dituzten enpresek beren produktibitatea % 15etik % 20ra hobetu dute.
Izan ere, BIM metodo berria ezagutaraztea eta alorreko enpresak eta unibertsitateko ikasleak prestatzea da PIRENO proiektuaren helburua. Proiektu hau Nafarroaren eta Akitaniaren lankidetza-ekimen bat da, EBk finantzatua EGEF funtsen bidez, eta unibertsitateen arteko lehiaketa hau esparru honetan kokatu behar da.