Joan eduki nagusira

zoom Inés Reyero Zaragoza

Inés Reyero Zaragoza

Inés Reyero Zaragoza ingeniari kimikoak bere doktoretza tesian proposatu du metanola etanolarekin ordeztea biodiesela ekoizteko eta katalizatzaile heterogeneo bat erabiltzea, eta horrek "bioerregai honen ekoizpenari lotutako kostuak eta ingurumen inpaktua murrizten lagunduko luke". Bere ikerketaren ekarpen berritzaileetako bat izan da konposatu berri baten sintesia eta identifikazioa, eta ezaugarri horiek "katalizatzaile heterogeneoak garatzeko oso hautagai on" bihurtzen dute.

Fosil jatorriko diesel konbentzionalaren erregai alternatibo bat da biodiesela. EBk bultzatutako sustapen politikek lortu dute garraiorako erregaien merkatuan sartzea eta, haren izaera jasangarria gero eta gehiago hartzen da kontuan. Horrela, EBn 2013. urtean erabilitako bioerregaien % 86k jasangarritasun agiria jaso zuten araudi komunitarioekin bat.

Inés Reyeroren tesia, “Aurrerapenak biodieselaren ekoizpenean: etanolisia eta katalizatzaile heterogeneo berriak” izenekoa, NUPeko Kimika Aplikatuko Saileko Luis Gandía Pascual katedradunak eta María Cruz Arzamendi Manterola katedradunak zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.

Azaltzen duenez, kimika terminoetan, biodieselaren ekoizpena transesterifikazio deitzen zaion erreakzio batean oinarritzen da. "Landareen olioa erreakzioan jartzen da alkohol batekin, gehienetan metanola, eta ondorioz biodiesela eta glizerina ateratzen dira eta, azken hau, behin araztu ondoren, zenbait aplikazio dituen produktu sekundario bat da". Erreakzioa sortzeko katalizatzaile egoki bat erabili beharra dago. "Industria-prozesu konbentzionalek homogeneo deitzen diren katalizatzaileak erabili ohi dituzte, disolbagarriak direlako erreaktiboetako batean, zehazki alkoholean".


Etanolaren erabilera


Ikerketa honetan etanola erabili da metanolaren ordez. Metanola fosil jatorriko lehengaietatik abiatuta sor daiteke, aldiz, etanola baliabide berriztagarrietatik sor daiteke; (eta hortik ateratzen da bioetanol izenez ezagutzen duguna). "Egiaztatu dugu biodiesel sintesiaren erreakzioek portaera oso desberdinak agertzen dituztela, mota bateko edo besteko alkohola erabiltzen bada. Adibidez, metanolarekin sistema bifasikoa den artean, etanola erabiltzean erreakzio ingurua homogeneoa da eta fase likido bakar bat aurkezten du".

Aldakuntza hauen ondorio praktikoak esanguratsuak dira. Batetik, etanola erabiltzean erreakzio abiadura azkoz handiagoa da eta, hortaz, erreaktoreak sortzeko askoz ahalmen handiagoa dago. "Hala ere, bestalde, erreakzioaren izaera homogeneoak zaildu egiten du produktuen bereizketa, eta produktu hauek, bereziki glizerina, kutsatzen dituzten xaboiak sortzea errazten du".

Homogeneoen ordez katalizatzaile heterogeneoak erabiltzeko arrazoiari dagokionez, lanaren egileak azaltzen du "gaur egun erabiltzen diren homogeneoak oso eraginkorrak dira, baina ezin dira berrerabili eta produktuak kutsatzen dituzte, eta bereizketa eta garbiketa etapa neketsuak behar dira merkaturatzeko besteko biodiesel eta glizerina kantitatea sortzeko. Gainera, prozesu horiek guztiek, era berean, tratamendu egokia eman behar zaien ur zikin kopuru handiak sortzen dituzte".


Ekarpen berritzaileak


Ikerketa honetan zehar sortu den ekarpen berritzaile bat izan da konposatu berri baten sintesia eta identifikazioa: kaltzio glizerolatoa, "oxidoa eta kaltzio glizeroxidoa baino askoz egonkortasun handiagokoa dena, eta biodieselaren sintesirako katalizatzaile heterogeneoak garatzeko hautagai oso on bihurtzen duena".

Halaber, Inés Reyerok katalizatzaile egituratuak erabili ditu, zeinetan fase aktiboa egitura zeramikoen edo metalikoen gainean jartzen baita. Horrek bidea ematen dio erreakzio inguruari pasatzeko eta erreaktiboak produktu bihurtzeko —biodiesela eta glizerina, kasu honetan—. Horrela saihesten da katalizatzailea erreakzio ingurutik bereizi beharra, eta berrerabiltzea errazten da. "Katalizatzaile egituratuen erabilera oso berritzailea da biodieselaren sorkuntzan eta aurrerapen teknologiko handia dakar —dio ikertzaileak—, hortaz, tesi hau aitzindaritzat har daiteke".

Inés Reyero Zaragoza ingeniari kimikoa da Granadako Unibertsitatean eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, eta nazioko eta nazioarteko hamar bat biltzarretan egon da. Beste batzuekin batera, zenbait aldizkari zientifikotan argitaratutako dozena erdi artikuluren egilea da.