Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko jardunaldi bat egingo du ostegun honetan, azaroak 6. Kolektibo horri laguntzen dioten Nafarroako erakunde nagusien ordezkariek parte hartuko dute jardunaldian. "Emakumeak, zaurgarritasuna eta indarkeria. Hausnarketak eta praktika onak ostatuari eta gizarte laguntzari dagokienez" da topaketaren izenburua, eta Fernando Remacha aretoan egingo da 16:00etatik 20:00etara. Inskripzioa doakoa da, eta posta elektronikoko helbide honetan egingo da: daphne@unavarra.es.

Daphne "From Street to Home" proiektuaren bidez garatutako jardueretako bat da jardunaldia. Proiektu hori Europar Batasunaren ekimen bat da, eta bere helburua da haurren, gazteen eta emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzea eta bere aurka borrokatzea. Birmingham City University da proiektu horren buru, eta Erresuma Batuko bi gizarte-erakundek, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Alemania, Bulgaria eta Norvegiako beste hiru unibertsitateek parte hartzen dute.

NUPek proiektuari egindako ekarpena ikerketa bat da. Ikerketa horren bidez aztertu da nola jaits daitekeen emakumeen kontrako indarkeriaren arriskua arazoari ikuspegi integral batetik helduta, talde horri bideratutako egoitza eta gizarte laguntzak barne. Izaskun Andueza Gizarte Laneko Saileko irakaskuntzaren ordezko irakasleak koordinatu du, eta Rut Iturbide, Rubén Lasheras, Lucía Martínez eta Nerea Zugastik parte hartu dute. Azterketa horren emaitzak, gainerako parte-hartzaile guztienak bezala, jardunaldian emango dira ezagutzera.

Hausnarketak eta praktika onak

Jardunaldian, lehendabizi, bi mahai-inguru egingo dira, eta mahai-inguru horietan gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden emakumeekin lan egiten duten Nafarroako erakunde nagusiek mintzagai izango dituzte talde horren beharrak eta baliabideak eta egoitza gizarte laguntzarekin egoera horretatik ateratzeko giltzarri gisa. Mahai-inguruan parte hartuko dute erakunde hauetako ordezkariek: Etxegabeentzako Arreta Zentroa, Iruñeko Udaleko Emakumeari Arreta Emateko Udal Zerbitzua, Eguneko ospitale psikiatrikoa, Cáritas Diocesana, Gurutze Gorria eta Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politiken Departamentua.

Gero, Morag McDonaldek, Birmingham City Universitykoak, hitzaldi hau emango du: “Zikloa hausten: bizimodu kaotikoak dituzten emakumeak. Esku-hartze sozial eta ekonomikoki eraginkorrak. Gero Albert Sabatések Llar de Pauren adibidea aurkeztuko du. Egoera ahulenean dauden emakumeei zuzendutako baliabide bat da, eta Europa mailako praktika onaren adibidetzat aukeztua izan da proiektuaren esparruan. Programari amaiera emango diote Rut Iturbidek eta Izaskun Anduezak NUPek egindako txostenaren ondorioen aurkezpenarekin. Jardunaldiaren programa osoa NUPeko web-orrialdean dago ikusgai.