Joan eduki nagusira

zoom Saio baten irudia

Saio baten irudia

"Kulturan diru publikoa inbertitzea luxu bat da krisialdietan?" izeneko mahai-ingurua egingo da laster, eta bertan honako gai hauek ukituko dituzte, besteak beste: diru-funtsen murrizketa, kultura arloko diru-laguntzak eta finantzaziorako aukerak, edo administrazio publikoek zer puntutaraino lagundu behar dituzten jarduera hauek. Mahai-ingurua azaroaren 4an, asteartean, 19:30ean egingo da Nafarroako Parlamentuaren Erabilera Anitzeko Gelan, Conversaciones-Solasaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoak Foru Parlamentuarekin lankidetzan antolatutako zikloaren barnean.

Marta Rodríguez Fouzek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako irakasleak, koordinatuko du saioa. Honako hauek dira gonbidatuak: César Antonio Molina kultura ministro ohia eta Irakurlearen Etxeko gaurko zuzendaria, hau da, Germán Sánchez Ruipérez Fundazioak 2012an Madrilen ireki zuen zentro berriko zuzendaria; Juan Barja, Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko zuzendaria; eta Maitena Muruzabal, zinema ekoizlea eta zuzendaria.

Marta Rodríguez Fouzek azaldu duenez, kulturan inbertitzea luxua edo beharra ote den eztabaidatzea —are inbertsioa edo gastua ote den—, ematen zaion gizarte-balioarekin lotzen da, baita espazio publiko eta pribatua definitzeko daukan eraginarekin ere. "Kultura, bere adierazpen guztietan (literatura, arte, zinema, antzerkia...) erronka bat da botere publikoentzat; oparotasun ekonomikoaren garaietan, sortzaileek eta hiritarrek/kontsumitzaileek eskatzen dietelako, ondare ezinbestekoa den aldetik defenda dezaten. Baina, zer gertatzen da krisialdian? Kulturaren gastu publikoaren alde egiten da? Inbertsio hori eskatzen da oraindik? Ezartzen diren lehentasunek bigarren mailako baliotzat jotzen dute kultura? Dena ekimen pribatuaren esku uzten da?”

Conversaciones-Solasaldiak zikloaren haria, edizio honetan, analisi, kontrajartze eta eztabaida egitea da, krisi ekonomikoak osasun zerbitzu, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kulturan sortu dituen erronkei aurre egiteko politika publiko eta/edo pribatuei buruz. Saio hauetan, zenbait adituk beren ikuspuntu eta esperientziak eskaintzen dituzte aztertzen diren gaiei buruz.

“Conversaciones-Solasaldiak” zikloaren hirugarren edizioa apirilean hasi zen osasungintzari buruzko mahai-inguru batekin, eta uda ondoren jarraitu zuen, gizarte zerbitzuei buruzko saio batekin. Conversaciones-Solasaldiak zikloaren helburua da ikertzaileek eta adituek jardun irekia izatea beraien artean, eta, aldi berean, ikus-entzuleekin gogoeta egitea gaurkotasuneko gaiei buruz.