Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Alfredo Asiáin, Gaizka Aranguren, Alfonso Carlosena eta Patxi Salaberri.

Ezkerretik eskuinera, Alfredo Asiáin, Gaizka Aranguren, Alfonso Carlosena eta Patxi Salaberri.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetzako esparru-akordio bat sinatu du Labrit Multimedia SL enpresarekin. Enpresa hori Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboa egiteko datuak biltzeaz arduratzen da. NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailak sustatu du proiektua hainbat erakunderekin lankidetzan, eta bere xedea da Nafarroako eta Nafarroa Behereko udalerrietako kultura ondare ez-materiala ezagutzera ematea. NUPeko Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboaren Katedraren esparruan garatzen ari dira lan hori. Katedra aurtengo urtarrilean sortu zen "La Caixa" Gizarte Obrarekin lankidetzan.

Alfonso Carlosena Unibertsitateko Ikerketa errektoreordeak eta Gaizka Aranguren Labrit Multimedia SL enpresaren arduradunak sinatu dute. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Patxi Salaberri NUPeko Euskal Filologiako katedradunak eta Katedraren irakasleak, eta Alfredo Asiáin Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako zuzendariak eta proiektuaren zuzendari teknikoak.

Hitzarmenak xedatzen du Unibertsitateak eta Labrit Multimedia enpresak lankidetzan jardungo dutela ikerketako zientzia jardueretan, elkarri aholkularitza emateko jardueretan eta bi aldeek garatzen dituzten jardueren esparruan aplikagarriak diren ezagutzak lortzeko jardueretan. Esparru-akordioan ezarritako lankidetza-modalitateen artean aipatzen da ikerketa proiektu edo programak burutzea edo proiektu eta programa horiekin lotutako jarduerak antolatzea eta burutzea.


Ia hamarkada bateko lana


zoom Nafarroako mapa bat, egindako lanak erakusten dituena.

Nafarroako mapa bat, egindako lanak erakusten dituena.

Ia hamarkada bat igaro da Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboa sortzeko proiektua abian jarri zenetik, XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren oroimena biltzeko eta digitalizatzeko asmoarekin. Lehendabizi egin beharreko bilketa XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren oroimenari eta testigantzei dagokiena da, oroimen eta testigantzak gordetzen dituztenak adineko pertsonak baitira. Orain arte 1.500 testigantza bildu dira Nafarroako 400 bat herritan.

Lortu den artxiboko materialen artean daude testigantza soinudunak, ikus-entzunezkoak, testualak eta argazki testigantzak, eta testigantza horiek hainbat esparrutakoak dira: oroimena, ezagutza tradizionalak, sinesmenak, errituak eta zeremonia ohiturak, ahozko tradizioa eta hizkuntza berezitasunak, joko eta kirol tradizionalak, antzezpenak eta eszenaratzeak, elikatzeko moduak, soinu eta musika adierazpenak, gizartekoitasun kolektiboko moduak eta antolakuntzak, etab.

NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko diziplina anitzeko ikerketa talde batek koordinatzen du biltzeko metodologia eta sailkapen sistema, Nafarroako eta Nafarroa Behereko ondare ez-materialaren testigantzen indexazioa eta transkripzioa. Horretaz gainera, analisi zientifikoko lanak egiten ditu eta testigantzak aurkezten eta ezagutzera ematen parte hartzen du. Azkenik, aplikazio zientifikoak, toki garapenekoak eta hezkuntza arlokoak ere diseinatzen ditu.

Bestalde, Labrit Multimedia enpresak landa-lana egiteaz arduratzen da. Alkate, kultura-eragile, udal eta mankomunitateekin lankidetzan zehazten da adin handieneko zein pertsonak emango duten testigantza udalerriko gai eta kultura paisaia interesgarrienei buruz.

Testigantzak biltzen eta ematen parte hartu duten udalerri batzuek beren ondarea ezagutzera emateko esperientziak ere jarri dituzte abian dokumentalen bidez edo ondare ez-materialaren entziklopediaren bidez. Artxiboaren azken helburua da, XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren oroimenaren gordailu gisa, Nafarroako populazioaren % 1ek parte hartzea, eta kopuru horretara iristeko 5.000 elkarrizketa egingo dira.