16 ikastetxetako laurogei ikaslek gaur, ostirala, urriak 24, eman diote hasiera Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatu duten Batxilergoko V. Eztabaida Lehiaketari. Bosgarren edizio honetan eztabaidarako aukeratutako gaia honako hau da: Krisiak Espainiarentzat ondorio ekonomiko eta sozial positiboak izango al ditu? Aldez aurreko fasea NUPen Arrosadiko campusean egin da, Sario eraikineko hainbat ikasgelatan, eta finala urriaren 25ean, larunbatean, egingo da, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan.
Torneoa Batxilergoan ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastegiei zuzendua dago. Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak. Denak izango dira Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleak. Lehiaketako irabazleen saria tableta elektroniko bana izango da, eta bigarren sailkatzen direnena, liburu elektroniko bana.
Ikastegi hauek parte hartuko dute torneoan: Nuestra Señora del Huerto, San Cernin, Hijas de Jesús, Santa Teresa, El Redín, Calasanz-Escolapios, Plaza de la Cruz BHI, Ribera del Arga BHI (Peralta), Marqués de Villena BHI (Marcilla), Nuestra Señora del Puy BHI (Lizarra), Miravalles, Santo Tomás-Dominicas, Liceo Monjardín, Sagrado Corazón, Cardenal Larraona eta San Ignacio.
Taldeak lehian aritu dira, eta aurretik zozketatzen diren aurkako jarrerak defendatu dituzte, hitz-txanda itxien bidez (hasierako adierazpena, bi errefusatze eta ondorioak). Hitz txanda hauek, gehienez ere, 26 minutukoak dira (hamahiru talde bakoitzarentzat). Gaur, taldeak aldez aurreko fase batean ari dira lehian, goizez eta arratsaldez, eta lau taldetan banatuak daude. Talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak azken fasera igaroko dira, eta azken fase hori bihar egingo da Nafarroako Parlamentuan.
Epaimahaia eta balioespena
Epaimahaikideak hauek izango dira: Miren Sarasíbar, Antxon Barbería, Paz Francés, Beatriz Rodríguez, Marcos Andrés, Leyre Remírez, Eduardo Prieto, Diamela Garlobo, Ibai Ezpelta, Miguel Rodríguez, Susana Berdonces, Rafael García Santos, Irene López-Goñi, Leyre Elizari, Pedro Velasco eta Ramo Barrena. Beste hainbat konturen artean, epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, errefusatze eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna eta erraztasuna; segurtasuna eta gaia menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta zalutasuna erantzutean; adierazkortasuna eta ikusizko harremana; eta aurkako taldearen baliabideak integratzea.
Lehiaketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean, azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Nafarroako ikastetxe publiko eta hitzartuetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da lehiaketa. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten: jendaurrean mintzatzeko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo argudioak ematekoa. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.