Gloria Bobo García, Zientzia eta Elikagaien Teknologian lizentziadunak, bere doktoretza tesian sulfitoen erabilera alternatibak proposatu ditu. Izan ere, gaur egun erabiltzen diren kontserbatzaile nagusietako bat da, beste ezaugarri batzuen artean, zenbait elikagai zuritu eta/edo txikitu ondoren agertzen den iluntze hura saihesten duena. Gaur egun laugarren gamako produktu edo ahalik eta gutxien prozesatu diren produktu deitzen zaie merkaturatu aurretik garbitu, txikitu eta ontziratzen diren fruta eta barazki freskoei.
Ikertzaile honek azaltzen duenez, "duela zenbait urte deskubritu zen sulfitoek osasun kalteak eragin zitzaketela populazioaren zenbait sektoretan, hortaz, debekatu egin zen halakorik erabiltzea zuzenean kontsumitu daitezkeen elikagaietan, esaterako fruta eta barazkietan. Patataren kasuan, gordinik kontsumitzen ez denez gero, oraindik ere sulfitoak erabiltzen dira, eta nire tesiak substantzia alternatiboak bilatzea izan du ardatz".
“Ahalik eta gutxien prozesatu diren patatak (cv. Monalisa) kontserbatzeko estrategien azterlana” da tesiaren izenburua. NUPeko Elikagaien Teknologia Saileko Cristina Arroqui Vidaurreta eta Paloma Vírseda Chamorro doktoreek zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Azterlanean zenbait kontserbazio teknika ebaluatu ziren sulfitoen erabileraren alternatiba moduan, ahalik eta gutxien prozesatu diren pataten kalitatea 14 egunez eta 4 Celsius graduko tenperaturan gordetzeko. Produktua ilun dadin saihesteko soluzio naturalak eta/edo horien deribatuak erabili ziren. Iluntzearen kontrolean, emaitzek adierazi zuten “bai 4-hexilresorzinol azido askorbikoarekin konbinatzen duen soluzioak bai aztertutako te berdearen eta baratxuriaren estraktuak ere iluntzearen aurkako eragile gisa erabil daitezkeela hotzean 14 egunez kontserbatzeko”. Aztertutako testuraren modifikatzaileei dagokienez, hautatutako iluntzearen aurkako soluzioarekin konbinatuta erabilita, "tenperatura txikiko eta denbora laburreko talka termiko bat erabili zen, produktuaren kalitatea gutxienez 14 egunez gorde zuena".
Gloria Bobo Garcíak Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Zientzia eta Elikagaien Teknologian lizentziatura erdietsi zuen EHUn. Nafarroako Gobernuaren Industria Departamentuak emandako teknologoen prestakuntzarako beka bat eduki zuen, eta ondoren proiektuko laguntzaile lan egin zuen NUPeko Elikagaien Teknologia Sailean. Ikerketaren esparruan, nazioko eta nazioarteko hainbat biltzarretan egon da, eta Journal of the Science of Food and Agriculture aldizkarian argitaratutako artikulu baten egilea da.