Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboa Katedrak eta Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak kultura-ondare ez materialaren esparruko ondare hezkuntzari buruzko jardunaldi zientifiko bat antolatu dute asteazken honetan, urriaren 22an. Topaketa hori Folklore eta Kultura Tradizionalari buruzko XXX. jardunaldien barruan egingo da Iturramako Civivoxeko hitzaldi-aretoan. Katedrak bere sorreratik egindako lanak aurkeztuko dira, eta Olaia Fontal ondare hezkuntzako espezialistak eta Hezkuntzaren Behatokiko zuzendariak emango du hitzaldi nagusia. Jardunaldiaren programa osoa NUPeko web-orrialdean dago ikusgai.
Jardunaldiaren izenburua “Educación patrimonial en los ámbitos del Patrimonio Cultural Inmaterial / Kultura ondare ez-materialaren esparruetako hezkuntza” da, eta hiru parte izango ditu, Ana Telletxeak egingo duen musika-atarikoaren ondoren. Lehen partean, Patxi Salaberri Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboaren Katedraren zuzendariak eta NUPeko Euskal Filologiako katedradunak erakundearen helburuak, antolaketa, lankidetza hitzarmenak eta helburuak aurkeztuko ditu. Erakundea aurtengo urtarrilean sortu zen "La Caixa" fundazioaren babesarekin.
Lan horiek NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailaren Hizkuntzalaritzako ikerketa Taldearen koordinazioarekin egin dira. Zehazki, dokumentazio-zentroaren teknologia hobetzeko lanak egiten ari da katedra NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko GIARA ikerketa taldearen laguntzari esker.
Jardunaldi zientifikoaren hitzaldi nagusia Olaia Fontal Merillas ondare hezkuntzako espezialistak emango du. Valladolideko Unibertsitateko irakaslea da eta Hezkuntza Behatokiaren zuzendaria. Fontal irakasleak Hezkuntza eta Ondarearen Plan Nazionala bultzatu du berriki. Proiektuaren zuzendarikidea ere bada.
Nafarroako dantza tradizionalaren atlasa
Karlos Irujo NUPeko Antropologia irakasleak eta Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideak Nafarroako dantza tradizionalen identifikazio eta dokumentazio fitxak egiteko lanetan egin diren aurrerapenak aurkeztuko ditu gero. Proiektu horrek, Nafarroako dantza tradizionalaren Atlasak, katedraren laguntza izan du, eta errealitate bat da. Txema Hidalgo Kaparek ere “Nafar Aire Zaharretan: viejas canciones vascas de Navarra” liburua aurkeztuko du. Nafarroako euskal abestien bilduma sistematiko bat da. Bigarren parte horretan, azkenik, Mikel Ozkoidi Iturrama BHIko irakasleak Gogoan proiektua "Ahozko iturriak baliabide didaktiko gisa. Las fuentes orales como recurso didáctico” aurkeztuko du. Proposamen didaktiko interesgarri bat da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasgelan lantzeko.
Jardunaldi zientifikoaren azken partean, Alfredo Asiáin NUPeko Hizkuntzaren Didaktikako irakasleak katedraren parte-hartzearekin egindako hiru unitate didaktiko egiteko prozesua aurkeztuko du. Unitate didaktikoak hizkuntzen irakaskuntzari, haurrentzako abesti tradizionalei eta dantza tradizionalaren hastapenei buruzkoak dira. Juanjo Zubiri Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailaren zuzendariak eta Ana Telletxeak abestiei buruzko unitatea azalduko dute. Bestalde, Amaia Azkarate gauza bera egingo du dantzaren didaktika aztertzen duen unitatearekin.
Saioaren epilogo gisa, biharamunean, ostegunean, urriaren 23an, Olaia Fontal irakaslea irakasleekin bilduko da NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko batzar-aretoan. 11:30ean egingo da eta ondare hezkuntzari eta orain dela gutxi onetsi den Hezkuntzaren eta Ondarearen Plan Nazionalari buruzkoa izango da.