Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako hainbat artxibo aztertzen dituen liburu bat argitaratu du. Artxibo horiek publikoak eta pribatuak dira, eta denboraren aldetik, Erdi Arotik XIX. mendearen hasierarainokoak dira. Obraren titulua da "Archivos históricos de Navarra. Tipología y documentación de los archivos medievales y del Antiguo Régimen" eta Isabel Ostolaza Elizondok, NUPeko Zientzia eta Teknika Historiografikoen katedradunak, egin duen ikerketaren ondorioa da. Liburuak 24 euro balio du.

Lan honen xedea da irakurleei erraztea agiriaren atzean dagoen informazioaren irakurketa, ulergarriagoak izan daitezen bere sorrera, balioa eta erabilera. Halaber, artxiboak osatzen dituzten agiri-biltegiak sortu edo jaso zituzten erakundeak, pertsona fisikoak eta juridikoak, publikoak eta pribatuak hobeki ezagutzea da beste helburuetako bat. Egileak uste du gai honetan sakontzea ezinbestekoa dela, kontuan hartuz Antzinako Erregimenaren agiriei buruz ari garela, eta garai hartan antolamendu-modua guztiz ezberdina zela gaurkoarekin alderatuz, legeen alorrean, alor juridikoan, politikoan eta gizartearenean.

Liburuaren haria da agiriaren jatorria, eta ezartzen du agiriaren eta agiria sortu duen erakundearen artean, eta nori zuzentzen zitzaion kontuan hartzen du, baita ere, ulertu ahal izateko denboran zehar artxiboetan izan diren berrantolaketak, eta agirien zaintza sustatzeko, edo alderantziz, ez zaintzeko, interesa. Lanak erregeen, notarioen, Kontuen Ganberaren agiriak eta agiri pribatuak aztertzen ditu.

Liburuak egiaztatzen du historiaren hainbat gertaerak, gerrek batez ere, sekulako agiri-triskantza ekarri dutela, batzuetan ekintza militarren ondorioz, eta beste batzuetan iraganaren memoria suntsitzeko propio egindako ekintzen ondorioz. Beste kasu batzuetan, Isabel Ostolazak esaten duen moduan, agiri-falta erabatekoak gertatzen dira, eta egiazko "informazioaren zulo beltzak" sortzen dira, esaterako Nafarroako agiri notarialei dagokienez, Erdi Aroko protokolorik ez dagoelako, ia-ia. Honen ondorioz, egileak jarraipen berezia egin behar izan die zinegotzien eta apaizen agiriei, galdutakoaren parte bat behintzat berreskuratzeko.

Isabel Ostolaza Elizondo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Geografia eta Historia Saileko katedraduna da. Ondoren aipatzen diren arlo hauetan guztietan aritu da ikertzen: Erdi Aroko eta Aro Modernoko historian, dokumentazioan, kodikologia eta liburuaren historian, artxibozaintzan, agiri-ondare eta ondare bibliografikoan eta kulturalean. Artxiboetako eta liburutegietako dokumentazioaren erabileran eta azterketan espezialista da, eta egin ditu, beste batzuen artean, honako liburu hauek: “Colección diplomática de Santa María de Roncesvalles (1127-1300)”; “Catálogo de documentación navarra el siglo XVI en la Cámara de Castilla”; “Impresores y libreros en Navarra durante los siglos XV-XVI”; eta “La escritura gótica en el reino de Navarra en la plena y baja Edad Media”.