Joan eduki nagusira

Ikasleek beren osasunari eta ongizate pertsonalari buruz gogoeta egiteko gune bat sortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Proiektuaren izena Gela Saludable da, eta ostegun honetan, urriak 16, emango dio hasiera "Nik ligatzen dut, nik erabakitzen dut" izeneko lantegi batek. Ikasgelategiko 026 ikasgelan egingo da 15:00etatik aurrera, eta sarrera librea izango da.

Hazkunde eta garapen pertsonala, heziketa afektibo-sexuala, genero indarkeriari aurrea hartzea eta substantzien kontsumoa dira Gela Saludable aztertuko diren gaietako batzuk. Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzako Gizarte Ekintzarako Unitateak eta Berdintasunerako Unitatea sustatu dute proiektu hori.

NUPeko Unibertsitate Osasungarrirako II. Planaren barnean garatutako jardueretako bat da ekimen hori. Planaren helburua da ongizatea, bizi kalitatea eta osasuna sortzea unibertsitate komunitateko gizabanakoen eta taldeen baliabide positiboak indartuz, ikasleen parte-hartzea sustatuz, osasun sustapeneko ekintzetan, bai eta irakasleen parte-hartzea ere, osasuna unibertsitateko curriculumetan sartzeko. Halaber unibertsitateko komunitatean ekitatea eta aukera berdintasunera zuzendutako esku-hartzeak indartzen saiatuko da.

Gela Saludable proiektuaren helburua da ikasleen parte-hartzea sustatzea gune presentzial eta birtual bat sortuz, taldean eta banaka gogoeta egiteko. Beren ongizate pertsonalean eta osasunean eragin zuzena duten gaiak dira, formatu erakargarria dute, eta gazte jendeak erabiltzen dituen komunikazio-bide berrietara egokituta daude. Ostegun honetarako programatutako lantegia 15:00etatik 18:00etara egingo da 026 ikasgelan. Programa honi buruzko informazio gehiago nahi dutenek Berdintasunerako Unitatera jo behar dute (026 bis ikasgelan) edo posta elektroniko bat bidali unidadigualdad@unavarra.es helbide elektronikora.