Hamasei ikastetxek parte hartuko dute urriaren 24 eta 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatu duten Batxilergoko V. Eztabaida Lehiaketan. Edizio honetan eztabaidarako aukeratutako gaia honako hau da: Krisiak Espainiarentzat ondorio ekonomiko eta sozial positiboak edukiko al ditu? Lehen aldia NUPen Arrosadiko campusean izango da, eta finalerdia eta finala urriaren 25ean, larunbatean, izango dira, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan.
Lehiaketan Batxilergoan ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxeek parte hartzen ahal dute. Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak. Denak izango dira Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleak. Lehiaketako irabazleen saria tableta elektroniko bana izango da, eta bigarren sailkatzen direnena, liburu elektroniko bana.
Honako hauek dira torneo honetan parte hartuko duten ikastetxeak: Nuestra Señora del Huerto, San Cernin, Hijas de Jesús, Santa Teresa, El Redín, Calasanz-Escolapios, Plaza de la Cruz BHI, Ribera del Arga (Peralta) BHI, Marqués de Villena (Marcilla) BHI, Nuestra Señora del Puy (Lizarra) BHI, Miravalles, Santo Tomás-Dominicas, Liceo Monjardín, Sagrado Corazón, Cardenal Larraona eta San Ignacio.
Lehiaketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean, azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da.
Nafarroako ikastetxe publiko eta hitzartuetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da lehiaketa. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten: jendaurrean mintzatzeko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo argudioak ematekoa. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.
Aldez aurretiko prestakuntza eta lehiaketa
Izena eman duten ikasleek prestakuntza-saio batzuetan parte hartuko dute datorren astean, orientatzeko eta lehiaketari buruz sor litezkeen zalantzak argitzeko. Saio hau urriaren 17 eta 18an izango da, NUPeko Arrosadiko Campusean.
Taldeak urriaren 24tik, ostiraletik, lehiatuko dira, eta aurretik zozketatuko diren aurkako jarrerak defendituko dituzte, hitz-txanda itxien bidez (hasierako adierazpena, bi erantzun eta ondorioak). Hitz txanda hauek, gehienez ere, 26 minutukoak izango dira (hamahiru talde bakoitzarentzat).
Unibertsitate komunitateko zenbait kidek eta kanpoko adituek osatutako epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, errefusatze eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna eta erraztasuna; segurtasuna eta gaia menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta zalutasuna erantzutean; adierazkortasuna eta ikusizko harremana; eta aurkako taldearen baliabideak integratzea.