Joan eduki nagusira

zoom Luis Diego Díez

Luis Diego Díez

Luis Diego Díezek bere master amaierako lanean planteatu du proposamen bat Sarrigurengo ekohirian hiri baratzeak jartzeko. “Eredu alternatibo bat da hiri sarean baratze jardueren bidez berdeguneen zati bat kudeatzeko —dio—, eta horrek aukera ematen du baliabideen kudeaketa eraginkorragoa eta iraunkorragoa egiteko”. Proposatutako diseinuaren gakoen artean nabarmentzen dira diseinu erakargarri bat, lursail txikiak sortzea etxebizitzetatik hurbil, etxeetan sortzen diren hondakin organikoen konpostajea sartzeko aukera, eta barazkien hazkuntza beste labore batzuekin osatzeko aukera.

Luis Diego nekazaritzako ingeniari teknikoa eta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta NUPek UPV/EHUrekin batera eman duen Ingurumen Agrobiologiako Masterra egin du. Bere master amaierako lana, “Baratze lorategiak hiri inguruan, proposamen bat Sarrigurengo ekohirirako”, NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko Natxo Irigoyen irakasleak zuzendu du. Lanaren egileak Sarrigurengo ekohiria hautatu zuen zeren "hiri iraunkorraren erreferente gisa sortu baitzen. Eraikuntza bioklimatikoa, energia aurreztea, hondakinak kudeatzea, ingurumen hobekuntza eta halako irizpideetan oinarritzen zen planteamendua, eta honelako ekimen bat hobezin garatuko zen, azkenik gauzatu ez zen arren. Hala ere, Sarrigurenek berdegunea den eremu handia dauka, belardia dena, hiri baratze horien proposamena abian jartzeko aukera ematen duena.

Azaltzen duenez, kudeaketa eredu honen xedeak dira hiritarren bizi kalitatea hobetzea, gizartearen arteko harremanak sustatzea, hiri ingurunea aberastea biodibertsitatea areagotuz, inputen kontsumoa murriztea, eskala txikian nekazaritza ekologikoa garatzea eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzea.


Lorategi baratzeak


zoom Egilearen planoa baratze lorategien 13 lursail txikiren proposamenarekin

Egilearen planoa baratze lorategien 13 lursail txikiren proposamenarekin

Proposamenean lorategi baratz deitzen diren horien bi diseinu planteatzen dira, belardia duten guneetan jartzeko. Horietako bat, parke publiko batera bideratua dago (kasu honetan, Sarriguren erdiko parkea), zeinak edukiko lukeen 45m2 inguruko 13 lursail eta 300 m2 gune komunetarako (konpostaje eremua, ureztaketa eremua, erremintetarako kutxa, mintegia eta topaketa eta atseden gunea). Beste diseinua auzokideen komunitate baterako parke batean datza. 400 m2-ko (20x20) azalera edukiko luke, 9 lursailekin (6 laboreentzako, 2 jendeak erabiltzeko esertzeko bankuekin eta beste bat konpostajerako, ureztaketarako, etab.).

Lanean aztertu dira antzeko beste esperientzia batzuk (Bartzelona, Gasteiz, Noain, Berriozar); hala ere, horietako batek ere ez du orain proposatzen den planteamendua. Eredu hau ezartzeak ekarriko lituzkeen abantailen artean, egileak honako hauek nabarmentzen ditu: baratze bat ereiteko aukera, hiritarren bizi kalitatea hobetzeko aukera, gizakien arteko harremanak sustatzea eta esperientziak trukatzea, hiri ingurunea aberastea biodibertsitatea handitzen baita, hondakin organikoen kudeaketa hobetzea eta berdeguneen mantentzean kostuak murriztea.

Halaber, proiektuaren kostuak eta amortizazioa kalkulatu dira. Hasierako inbertsioak (10.000 eta 20.000 € bitartean, 10-15 lursail horietako bakoitza burutzeko baldintzen eta materialen arabera) hogei urte edo gutxiagotan amortiza litezke erabiltzaileek ordainduko lituzketen 50 eta 100 € arteko kuoten bidez. “Hortik aurrera —dio Diego Díezek—, diru-sarrera iturri bihur daiteke udalarentzat. Aztertu den auzokideen komunitatearen kasuan, esaterako, 11.000 €ko kostua kalkulatu da, eta 11 urtean amortizatua egongo litzateke gaur egun parkearen mantentze-lanengatik ordaintzen duten kopuru bera ordainduta; eta hortik aurrera, komunitate horrek urtean 1.000 €tik gora aurreztuko luke planteamendu berri honekin".