Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Catarata argitaletxeak batera argitaratutako liburu batek gogoeta egiten du azken urteotan hiri segurtasunarekin lotutako lege erreformak taxutu dituen testuinguru soziopolitikoari buruz. Eztabaida politikoa, hedabideen estaldura eta iritzi publikoaren hautematea dira liburu honetan aztertzen diren alderdietako batzuk. Liburuaren izenburua “El espejismo de la seguridad ciudadana. Claves de su presencia en la agenda política” da, eta Lohitzune Zuloaga NUPen Soziologian doktorea denak idatzi du. Liburuak 16,5 euro balio du.
Ikerketa lan hori Zuloagak 2011n Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu zuen doktoretza-tesikoa da. Hainbat eragile eta faktorek 2000. urtetik aurrera onetsitako erreforma penaletan izan zuten zeregina eta 2003. urtetik aurrera agendetan hiri segurtasuna lehentasunezko arazo bihurtu zuten baldintzak aztertzen zituen tesiak.
Lohitzune Zuloagaren iritzian Espainiakoa Europako zigor kode gogorrenetakoa da. Bere ustez horrek ez dauka inolako justifikaziorik, batez ere kontuan hartuta Espainia krimen tasa txikiena duten europar herrialdeen artean dagoela, eta hiritarren iritzia jakiteko inkestetan segurtasunik ezaren pertzepzio maila ez dela oso kezkagarria.
Liburu horrek ikuspegi soziopolitiko batetik aztertzen du nola iritsi garen egoera honetara, eta erreforma penal batzuek justifikaziorik ez dutela salatzen du. Alde horretatik, krimen tasak delitu jakin batzuetarako, esate baterako delinkuentzia txikirako, zigorrak areagotzea azaltzeko erabiltzen direla nabarmentzen du liburuak, eta, Zuloagaren iritzian, bestelako jokabidea eduki da beste delitu batzuen aurrean, esate baterako ustelkeriaren aurrean.
Mende honen hasieran ekin zitzaion zigor neurriak areagotzeko joerari. Gobernu guztiek jo dute bide horretatik eta hedabideak izan dituzte laguntzaile zeregin horretan, hedabideek bermatzen baitute zigor kodean aldaketak egiteko beharrezkoa den segurtasunik ezaren pertzepzio maila. Halatan egileak azaldu egiten du nola manipulatzen diren beldurra eta hiritarrek seguru daudela sentitzeko beharra etekin politikoa lortzeko, eta, hala ere, ez zaio aurre egiten kriminalitatearen gertakari sozialari.
Ikerketa hori egiteko, Diputatuen Kongresuko bileren egunerokoetan ikertu ditu, El País eta El Mundo egunkarietako 18.174 izenburu nagusi aztertu ditu eta azterketa soziologikoak aztertu ditu, hala nola Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egindakoak, eta Barne Ministerioaren, Ertzaintzaren eta Mossos d’Esquadraren polizia-estatistikak.
Egilearen biografia
Lohitzune Zuloaga (Errenteria, 1981) Soziologia doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere ikerketa-ibilbideak hiri segurtasunaren, terrorismoaren eta genero indarkeriaren esparruetan jarri du arreta, eta hainbat ekarpen argitaratu ditu gai horietan. Egonaldiak egin ditu eredu diren zentroetan, hala nola Salvadorko José Simeón Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA) eta Txileko Unibertsitateko Hiri Segurtasuneko Azterketen Zentroan (CESC). Horrez gainera, toki horietan ikertzen duten Espainiako erakunde aipagarriekin lankidetzan jarduten du.