Joan eduki nagusira

zoom Ana Belén Rojo Ojados

Ana Belén Rojo Ojados

Ana Belén Rojo Ojados Artearen Historian lizentziaduna da eta Soziologian doktorea NUPen, eta bere doktoretza tesian muturreko gorputz-aldaketa aztertu du, non sartzen baitira tatuajea, piercinga eta jarduera hauen ondorio diren beste hainbat gorputz-teknika. Azaldu duenez, bere ikerketaren asmoa hauxe zen: "milaka pertsona interbentzio hauek egitera eta gorputza askotan ondorio atzeraezinekin markatzera eramaten duten arrazoiak edo zioak zeintzuk diren sakon aztertzea, eta jarduera hauek gizabanakoak diren aldetik nola ukitzen dituen eta beren gizarte harremanetan zer eragin duten eztabaidatzea".

Ikerketak —zeinean muturreko gorputz-aldaketako beste modu batzuk sartu baitira, kirurgia estetikoa edo sexu-aldaketa, kasurako—, aipatu gorputz-praktiken ibilbide sozial eta historikoa egiten du, horri buruzko bibliografia berraztertzen du, sortzen diren gorputz-narratibak aztertzen ditu eta hauek gaurko gizarte mugimenduetan daukaten oihartzuna ere bai.

Bernabé Sarabia Heydrich Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako katedradunak eta Juan Zarco Colón Madrilgo Unibertsitate Autonomoko soziologia irakasleak zuzendu dute "Muturreko gorputz-aldaketak" izeneko tesia. Tesiak Bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Egileak adierazten duen bezala, gorputza apaindu eta aldatzeko moduak gero eta ikusgarriagoak eta ohikoagoak dira, gazteengan, baita horren gazte ez direnengan ere. "XX. mendeko 70. urteez geroztik, eta gaur egunera arte, mendebaldeko talde sozialek bere egin dituzte gorputz-errito jatorrizko eta indigena berri hauek, eta horrela identitate-ikurrak eta talde bateko partaide izatearen ikurrak sortu dituzte. Aldi berean, eztabaida, miresmena, arbuioa eta probokazioa sorrarazi dituzte".

Gorputza tataujeekin eta piercingekin apaintzeko moda nabarmenagoa egin da 90. urteetatik aurrera. Hiri-paisaia mota guztietako apaingarriekin aldatutako gorputz tatuatuak, zulatuak, eskarifikatuak eta apainduak dauzkaten nerabeez, gazteez eta gazte-helduez betetzen da. "Nortasuna eraikitzeko eta mendebaldeko edertasunaren kanonen aurkako matxinada ikusgarria egiteko erabiltzen dituzte, eta beraz, joera berriak sortzen dituzte, gero interneten bidez zabalduko direnak".

Estigmatizazioa deuseztatzea

Internet zabalkunderako plataforma bihurtzen da: komunitate birtualak, blogak eta webak sortzen dira, eta horietan parte-hartzaileek beren tatuajeak erakusten dizkiote elkarri, iritziak trukatzen dituzte eta elkar adoretzen dute praktika horiekin segitzeko. "Aldi berean, zabalkunde horrek pertsona horien komunitate zentzua areagotzen du, eta gorputz-jarduera horiekin loturiko estigmatizazioa deuseztatzen laguntzen du, poliki-poliki, mendebaldeko hiri-iruditeriak bere baitan txertatzen baititu jarduerok".
Testuinguru horretan, Ana Belén Rojok azpimarratzen du gorputz-aldaketa horietako askoren ikusgarritasuna tekniken bilakaera azkarra ekartzen ari dela. "Denak balio izatea eta gorputzaren mugetatik haratago joatea iraultzen ari da gorputz-interbentzio hauek egiten dituzten profesionalen mundua. Horrela, teknologia eta gai sintetiko berriak (biomedikuntza eta kirurgia ahaztu gabe) baliatzen ari dira aldaketa ia sinestezinak egiteko, zientzia fikzioaren alorrekoak ematen dutenak".

Ondorio gisa, egileak honako hau dio: "gaurko gizartean, muturretako filosofia eta estetika oso kontuan hartzeko erreferenteak direnez, gorputza ere mugara eramaten da; identitatea likido bihurtzen da eta larrua malgu, mugarik gabe; minak ere ez du inporta, norberaren gorputzarekin esperimentatzeko garaian".

Ana Belén Rojo Ojados Artearen Historian lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean eta Soziologian doktorea NUPen. Bere ibilbide profesionalean parte batean Arte Historiaren irakaslea izan da, Tarragonako Diputazioaren Arte eta Diseinuaren Eskolako arte plastiko eta diseinuaren goi mailako prestakuntza zikloetan. Bere ikerketa-eremua gaurkotasunezko kolektiboetan eta gizarte-mugimenduetan zentratu da: hackerrak eta software librearen garapenean aritzen direnak, baita muturretako gorputz-aldaketak ere. Hainbat hitzaldi eman izan ditu, eta hala 2013an Soziologiaren XI. Biltzar Nazionalean hartu zuen parte, ponentzia honekin: "Muturretako gorputz-aldaketen psikosoziologia".