Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak lau ikerketa bekarako deialdia egin du, Gizarte Behatoki iraunkor bat abian jartzeko, lan merkatuan, ahultasun espazioetan, gizarte babeseko sistemetan edo parte-hartze politikoan krisiak eragindako ondorioen jarraipen dinamiko bat egitea ahalbidetuko duten adierazleak bilatzeko xedez. La Caixa Fundazioak finantzatzen ditu bekak, eta Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin izeneko Masterrean edo graduondo honi lotutako Aditu titulu berekietan matrikulatutako ikasleei zuzentzen zaie. Eskaerak aurkezteko epea heldu den urriaren 15ean bukatuko da, eta deialdiari buruzko argibideak kontsultatzeko daude Katedraren web-orrialdean.
Bekak bideratzen dira gizarte-ikasketekin lotutako ikerketa-lanaren garapena eta prestakuntza sustatzera, sei hilabetekoak izango dira, 2014ko azarotik aurrera, eta onuradun bakoitzak 3.500 euro gordin jasoko ditu. Dirua hilero ordainduko da.
UNESCO Katedraren helburuen artean dago egoera ahulenean daudenen egoera sozialaren ezagutzari lotutako ikerketa eta zabalkundea. Instituzio honen xedea da, halaber, analisirako tresna arin eta dinamikoak ematea, egungo gizarte-errealitatearen aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko bizkorretara egokitzea ahalbidetuko dutenak.
Hori dela-eta, informazioa etengabe biltzeko eta aztertzeko tresna bat antolatzea pentsatu da. Gizarte errealitatearen oinarrizko adierazleek osatuko dute tresna hori, eta adierazleak hainbat esparrurekin lotuta daude, besteak beste enpleguarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin, elkarte sarearekin, parte-hartze soziopolitikoarekin, gizarte politiketarako sarbidearekin eta gizarte bazterketarekin.
Informazio iturri eguneratua
Hori gauzatuko da Gizarte Behatoki hori abian jartzen denean, informazio dinamikoa gizartearen eskura jartzean, egungo egoeraren ezagutza errazteko, egoera ahulenean daudenen errealitateari buruz sentsibilizatzeko eta erabaki kolektiboak hartzera bideratutako parte-hartze sozial eta politikoa sustatzeko xedez. Azken batean, xedea da Gizarte Behatokia aldizkako informazio-iturri eguneratu bat izatea, tokiko esparruan eztabaidak sustatzeko gaitasuna izango duena.
Deialdi honetan parte hartzeko aukera dute Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin izeneko masterrean edo honi lotutako aditu titulu berekietan matrikulatutako ikasleek, esaterako, Aditua Inmigrazioan eta Gizarte Esku-hartzean; Aditua Esku-hartze Sozialean Familiekin, Haurrekin eta Nerabeekin; eta Aditua Generoan eta Aditua Gizarte Lanean Espezializatutako Ikerketan.
Eskabideak Arrosadiko campuseko edo Tuterako campuseko erregistroetan aurkeztu behar dira, urriaren 15a baino lehen, webgunean jaisteko dagoen inprimaki bat beteta. Izangaiek ikerketa proiektu baterako ideia aurkeztu behar dute, zeinean Gizarte Behatoki hau garatzeko erabiliko diren ikerketa lerroen eta adierazle dinamikoen proposamen bat azalduko baita.