Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-gizarte Fundazioak asteazken honetan, irailak 24, hasiko ditu berriz enpresetako praktiken programari buruzko argibideak ikasleei emateko saioak. Saio hauen helburu behinena da lan munduarekin lehen harremana izatea, prestakuntza akademikoa osatze aldera eta, aldi berean, ikasketetan jasotako jakintza teorikoak lanbide ingurune batean aplikatu ahal izateko.
Urtea amaitu arte 10 saio antolatu dira, saioko 25 laguneko mugarekin. Lehena irailaren 24an emango da, hurrengo lauak urriaren 1, 8, 22 eta 29an, hiru azaroaren 5, 12 eta 26an eta azkenak abenduaren 2 eta 17an. Guztiak ere Fundazioak Sario eraikinean dituen ikasgeletan emango dira, 9:00etatik 11:00etara.
Egiten ari diren ikasketetako kredituen ehuneko 50 gainditua duten ikasleei daude zuzenduta praktika hauek eta, orobat, ezinbestekoa da berariaz antolaturiko saio informatiboetara joan izana. Saio hauetan parte hartu ahal izateko ikasleek erregistratua eduki behar dute beren curriculum vitae Fundazioaren datu baseetan eta, horren ondoren, izena eman behar dute bai Unibertsitate-gizarte Fundazioaren Enplegu Zerbitzura joanaz, 948 16 9812 telefonora deituz, edo fundacion.orientacion@unavarra.es posta elektronikora idatziz.
Saioetan ematen dira Unibertsitate Enpleguko Zerbitzuaren jarduerei eta eskaintzei buruzko argibideak, praktika programei buruzkoak (ikasleentzat, tituludunentzat, nazioarteko praktikak), bai eta lan kontratuei buruzko oinarrizko argibideak ere.
Joan den urtean zehar Fundazioak 964 praktika kudeatu zituen, 839 bekadunek parte hartu baitzuten. Horretarako hitzarmenak sinatu ziren 356 enpresarekin, eta horietarik 103 berriak ziren.
Gogobetetze inkesten arabera, bekadunen % 95 pozik dago egindako praktikarekin, hau da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta 3 puntu gehiago. Gainera, 2013an hobekuntza bat izan zen empresa tutoreek praktikak balioesteko parte hartzean, erantzun indizea % 20 igo baitzen.