Zortzi autonomia-erkidegotako taldeak lehiatuko dira hurrengo ostiralean, irailak 26, G-9 Taldearen Unibertsitateko III. Musika Lehiaketan. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du ekitaldia, eta San Fermin Txikiko festetan ospatuko da. Saioak Burgoen plazako agertokian egingo dira, eta 20:00etan hasiko dira.
Lehiaketa Iruñeko Udalaren laguntzarekin egingo da. Irabazleari 2.500 euroko sari bat emango zaio, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnek 1.500 eta 500 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. “Corsarias” taldeak ordezkatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Talde horrek lehen saria lortu zuen aurreko urtean NUPen Campus Music-en.
Lehiaketa honetan parte hartuko duten musika taldeetako kideak unibertsitatean ikasten ari diren gazteak dira. Beren unibertsitateetako lehiaketak irabazi dituzte, eta askotariko estiloetako errepertorioak dituzte, rock alternatibotik folkera. Honako hauek dira parte hartuko duten taldeak: “Alienda” (Oviedoko Unibertsitatea), “Veintiuno” (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), “Incitis” (Balear Uharteetako Unibertsitatea), “Repión” (Kantabriako Unibertsitatea), “Perdiendo los papeles” (Zaragozako Unibertsitatea), “Desvelo 12” (Errioxako Unibertsitatea), “Corsarias” (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta “Sombras en el sol” (Extremadurako Unibertsitatea).
Talde bakoitzak ordu erdiko joaldia egingo du 20:00etatik aurrera, eta kontzertua goizaldeko ordu biak aldera amaituko da. Unibertsitate parte-hartzaileek ordezkari bana izango dute saioak balioetsiko dituen epaimahaian.
G-9 Taldearen Unibertsitateko Musika Lehiaketa Iruñean egingo da, Gaztela-Mantxako Unibertsitateak (2012) eta Errioxako Unibertsitateak antolatutako edizioen ondoren. Errixoako Unibertsitateak aurreko urtean antolatu zuen lehiaketa Logroñoko San Mateoren festetan. Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an eratu zen. Beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarrak diren Espainiako unibertsitate publikoek osatzen dute elkartea, eta unibertsitate hauek biltzen ditu: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Errioxakoa, Oviedokoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa, Nafarroako Publikoa eta Zaragozakoa.
“Corsarias” taldeak ordezkatuko du NUP
“Corsarias” da NUP lehiaketa honetan ordezkatzen duen taldearen izena. Talde horrek aurreko ikasturteko Campus Music lehiaketa irabazi zuen. Taldea 2012ko azaroan eratu zen, eta hasieran txirula, piano eta gitarra hirukote batek osatzen zuen. Baina 2014ko martxotik aurrera taldean aldaketak izan ziren, eta egun lau emakumek osatzen dute: Laura Rojas (txirula eta ahotsa), Lorena Arbeloa (pianoa eta ahotsa), Maitane Villabona (baxua eta ahotsa) eta Leire Colomo (perkusioa eta ahotsa).
“Corsarias” taldeak 2013ko apirilean jo zuen lehendabiziko aldiz Nafarroako Pre Lady Fest-en, eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko I. Raibabel Saria lortu zuen, italierako modalitatean, “C’era un bel mondo” abestiaren bidez. 2013ko azaroan NUPen Campus Music lehiaketa irabazi zuten.