Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak % 9,5ean handitu du lanean sartzea tituludunentzako praktika programetan. Programa horietan lanean sartzen dira parte hartzen dutenen % 47a, 2013. urteko jarduerari buruzko txosteneko datuen arabera. Aipatu ekitaldian, Fundazioak 964 praktika kudeatu zituen, eta horietan 839 bekadunek parte hartu zuten. Horretarako hitzarmenak sinatu ziren 356 enpresarekin, eta horietatik 103 berriak ziren.
Gogobetetasun inkesten arabera, bekadunen % 95 pozik dago egindako praktikarekin, eta datu horrek, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, 3 puntutan igotzen du ehunekoa. Gainera, praktikak balioestean, hobekuntza erregistratu da enpresa-tutoreen parte hartzeari dagokionez, % 20 igo baita erantzunen indizea.
Osotara, Fundazioak 4.037.510 euro jaso zituen enpresa eta erakundeetatik praktiketako ikasleentzat eta tituludunentzat, eta 506.082 euroko diru-sarrera jaso zuen praktiken eta enplegu eskaintzen kudeaketagatik. Bestalde, 3.562 pertsonek jaso zuten lan-orientazioa Unibertsitate-Gizarte Fundazioan. Horietatik, 647 ikasle eta tituludunek jaso zuten arreta banakako tutoretzen bidez. Gainera, 364 pertsona egon ziren lan-orientazioari buruzko lantegietan taldeka.
2013. urtean, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak enplegu agentziaren maila eskuratu zuen eta, gainera, Leonardo proiektu bat erdietsi zuen 2013 eta 2014. urteetan garatzeko; izan ere, 75 mugikortasun egiteko programa dena, eta horrek % 50eko gehikuntza dakar aurreko deialdiarekin alderatuta. Halaber, curriculum praktikak kudeatzeko tresna berritzaile bat definitu eta diseinatu zuen, harremanetarako euskarri izango dena unibertsitateko fakultate eta eskolekin, irakasgaien arduradunekin eta irakaskuntza tutoreekin praktiken jarraipenerako, kontrolerako, ebaluaziorako eta kalitaterako.
2013. urtean gainera, Espainiar Unibertsitateen Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteen Federazioaren (Alumni España) Alumni Saria jaso zuen "NUPeko ikasle ohien enplegagarritasuna hobetzeko proiektu integrala" proiektuagatik, eta "Bikaintasuna 300+ aitortza" jaso zuen, European Foundation for Quality Management EFQM ereduak ezarritako kudeaketaren bikaintasun graduetako bat dena.
Etengabeko prestakuntza eta hizkuntzak
Prestakuntzaren arloan, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak 23 etengabeko prestakuntza ikastaro antolatu zituen (espezialitate ikastaroak eta unibertsitatearen beste ikastaro batzuk), eta horietan 290 pertsonak parte hartu zuten. Gainera, bost titulu bereki (graduondoko irakaskuntzak) eman zituen, eta horietan 119 pertsona bertaratu ziren. Guztira 2.426 eskola-ordu izan ziren prestakuntza ikastaroetan emandakoak.
Bestalde, Tituludunek Praktikak egiteko Prestakuntza Programaren kasuan, 103 ikastaro egin ziren eta horietan 1.694 ikasle matrikulatu ziren. Era berean, Profesionaltasun Ziurtagirien moduluetako lau ikastaro egin ziren (eta horietan 80 lagun matrikulatu ziren. Guztira 4.598 eskola-ordu izan ziren Fundazioak kudeatutakoak.
Azkenik, Fundazioaren mendekoa den Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiak 1.215 ikasle izan zituen ikasturtean zehar, eta ikastegi horrek kudeatzen dituen hizkuntza gaitasuna frogatzeko azterketa ofizialetan (TOEFL, DELF/DALF eta DELEF) 1.119 pertsonak parte hartu zuten.