Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Sagrario Anaut, Alfonso Carlosena, Miguel Laparra eta Nerea Zugasti, prentsaurrean.

Ezkerretik eskuinera, Sagrario Anaut, Alfonso Carlosena, Miguel Laparra eta Nerea Zugasti, prentsaurrean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren CIPARAIIS Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Katedrak bazterketari buruzko bi txosten eman ditu gaur argitara. Horietako batean erakusten da Nafarroako lurraldeen artean gizarte-desberdintasun "oso handiak" daudela, eta okerren Erribera osoa dagoela, bai Erribera Garaia bai Tuterako Erribera, bertan baitago egoera sozioekonomiko okerrena. Txostenean gainera, adierazten da gizarte prestazioen eragina "ez dela koherentea" lurralde bakoitzean dauden beharren zabalpenarekin.

Lurraldeen arteko desberdintasunei buruzko azterlana beste txosten batekin batera aurkeztu da, mintegi batean, Nafarroan bazterketara hurbilketa dimentsioaniztunari buruzkoa. "Gizarte haustura Nafarroan. Gizarte bazterketak eta lurralde desberdintasunen Nafarroan izan duten areagotzearen islak" izeneko mintegia gaur goizean egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Mintegi honen xedea da krisiaren ondorioetan sakontzea, beste iturri batzuen artean, Nafarroako 2012ko Foru Erkidegoko Bizi Baldintzen Inkestak ematen dituen datuen azterketa eginez, estatu mailako iturriek ematen digutena baino analisi maila zehatzagoa egiteko modua ematen baitu.

Bi txosten hauen aurkezpenean parte hartu dute CIPARAIIS Katedraren zuzendariak, Miguel Laparrak, bi azterlanen arduradun teknikoek, Nerea Zugastik, Sagrario Anautek, eta Ikerketa errektoreordeak, Alfonso Carlosenak.

Desorekaren arrazoiak

zoom CIPARAIIS katedra osatzen duten erakundeetako ordezkariak talde-argazki batean.

CIPARAIIS katedra osatzen duten erakundeetako ordezkariak talde-argazki batean.

CIPARAIISen lehen txostenean frogatzen da Nafarroako Lurraldeko Estrategia egon badagoen arren, gune desberdinen arteko desberdintasunak oso handiak direla. Zehazki, Erribera osoa da egoera sozioekonomiko okerrena agertzen duena, batezbestekoarengandik oso urruti baitago adierazle gehienetan, nafar testuinguruan bere biztanleria erlatiboki gaztea den arren. Puntu 1 eta 2 puntu arteko desberdintasunak daude langabeziari eta pobrezia arriskuari dagokienez, baina moneta pobreziaren metaketa eta etxean dauden gabeziak neurtzen dituen pobrezia sendoari dagokionez 1etik 5era bitartekoak dira.

Erribera aldeko egoera hori lotzen zaio atzerriko biztanleen proportzio esanguratsua edukitzeari (% 14,5), zeinak zailtasun handiagoa agertzen baitu maila ekonomiko eta sozialean; lurraldearen berezko egitura ekonomikoari, nekazaritzako eta nekazaritzako elikagaien arloan oinarritzen baita; eta prozesu hau markatu duten beharrekin bat datozen politika publikoen gabeziari.

Egoera sozioekonomikoari dagokionez, posizio hoberenak dituzten lurraldeak dira Iruñea, Pirinio aldea eta Eki-erdialdeko Nafarroa. Bitarteko posizioetan daude Iparmendebaldea eta Lizarraldea.

Gabezia materialak eta pobrezia sendoa

zoom CIPARAIIS katedraren txostenak aurkezteko antolatu den mintegiaren irudia.

CIPARAIIS katedraren txostenak aurkezteko antolatu den mintegiaren irudia.

"Pobrezia sendoa eta gizarte bazterketaren beste neurri batzuk Nafarroan" izeneko txostenak, CIPARAIISen arabera, baieztatzen du katedraren beste zenbait azterlanetan erakusten zen gizarte bazterketa esparruaren tamaina. Hortaz, Nafarroako Foru Erkidegoko Bizi Baldintzei buruzko Inkestaren datuek islatzen dute biztanleriaren % 16,5ek (105.900 pertsona inguru) gabezia materialen egoerak dituela (etxebizitzako oinarrizko gastuak, elikagaiak, ongizatea eta abar ordaintzeko arazoak), eta % 17,7 (113.600 pertsona inguru) diru-sarrera urrien egoeratan daudela (urteko eta pertsonako diru-sarreren batezbesteko % 60aren azpitik).

Txostenean zehazten da esanguratsua dela pobrezia sendoaren adierazlea, moneta pobreziaren metaketa eta etxean dauden gabeziak neurtzen dituena, eta Nafarroan biztanleriaren % 8,4ra iristen dena. Hortaz, pertsona horiek begibistako aukera gabezia daukate gainerako populazioarekin alderatuta, eta beren egoera etengabeko gizarte bazterketa egoerekin lot daiteke. Oso etxebizitza hondatuetan bizi dira, sistema publikoa iristen ez den osasun zerbitzuetara sartzeko zailtasunak dauzkate (aho-hortzetako osasuna, adibidez) eta gizarte bakartze handiagoa erakusten dute.

CIPARAIISek eransten du krisiak eta gizarte gastuen murrizketek arazo berriak ekarri dituztela Nafarroara, adibidez, etxebizitzatik kanporatze prozesuek eragindako familien kasua, 2012. urtean 40.100era iritsi zena (% 17,1). Gehienak osasungarritasunik ezako arazoengatik (% 9,9), hau da, itoginak, hezetasuna edo usteltasuna, eta neurri txikiagoan inguru hondatuengatik (% 3,9), oso oinarrizko etxebizitzak (% 2,8) edo pilaketa larriak (% 1,6).

Txostenak azaltzen duen beste arazo bat da zenbait talde gizarteratzetik urruntzen direla batez ere prestakuntza ezagatik, 18 eta 24 urte arteko biztanleen % 10,2k goizegi utzi ditu ikasketak eta, 18 eta 30 urte artean, % 3,1ek ez ditu bukatu ezta ikasketa oinarrizkoenak. Egoera honek dakar gazte horiek gaur egun gizartetik kanpo ez dauden arren, pobreziarako eta gizarte bazterketarako ibilbidea egiteko arrisku handia edukitzea.

Beharrezko hausnarketa bat

Datu horiek guztiak ikusirik, Nafarroako gizarte politikei buruzko hausnarketa sakona egiteko beharra planteatzen du CIPARAIISek, lurralde guztietan bermatzeko pertsona guztiek aukera izango dutela oinarrizko gizarte eskubideetarako. Katedrak gehitzen du gaur egun Nafarroak daukan gizarte krisiak agerian uzten duela "gizarte hausturarako arriskua, gero eta nabarmenagoa dena, eta lurralde hausturara ere irits litekeena gaur egungo desberdintasunak zuzentzen ez badira".

NUPekin batera CIPARAIIS osatzen duten gizarte erakundeak hauexek dira: Iruñea-Tuteretako Cáritas Diocesanak, Nafarroako Gurutze Gorriak, Fundación Secretariado Gitano fundazioak eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Sareak.