Gizarte zerbitzuetan eremu publiko-pribatuaren berdefinizioa, funtsen murrizketa eta hainbat gai, esate baterako gizarte-inklusioa, finantzatzeko edo diruz laguntzeko dauden aukerak izango dira “Gizarte Zerbitzuak. Marea laranjaren ondoren” mahai-inguruan aztertuko diren gaietako batzuk. Solasaldia apirilaren 17an, asteazkenean, 19:30ean egingo da Nafarroako Parlamentuaren Erabilera Anitzeko Gelan, Conversaciones-Solasaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoak Foru Parlamentuarekin lankidetzan antolatutako zikloaren barnean.
“Conversaciones-Solasaldiak” zikloaren hirugarren edizioa apirilean hasi zen “Osasuna. Marea zuriaren ondoren” mahai-inguruarekin. Aurtengo haria analisi, kontrajartze eta eztabaida egitea da, krisi ekonomikoak osasun zerbitzu, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kulturan sortu dituen erronkei aurre egiteko politika publiko eta/edo pribatuei buruz. Hala, pertsona adierazgarriek beren ikuspuntuak eta esperientziak azalduko dituzte aztertuko den arlo bakoitzean.
Miguel Laparra Navarrok koordinatuko du hurrengo asteazkeneko saioa. CIPARAIIS Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Katedraren zuzendaria eta ALTER ikerketa taldearen koordinatzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hizlari gonbidatuak hauek dira: Joan Subirats Humet, Zientzia Politikoko eta Administrazio Zientziako katedraduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Gobernu eta Politika Publikoen Institutuaren sortzailea eta ikertzailea; eta Jesús Ruiz-Huerta Carbonell, Ekonomia Aplikatuko (Ogasun Publikoa) Katedraduna Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren Zerga Azterketen Institutuaren zuzendari orokor ohia.
Miguel Laparrak azaldu duenez, saioaren “xedea da mahai gainean jartzea gizarte-politiken definizioa, inplementazioa eta finantzaketa. Izan ere, gizarte-zerbitzuetan eremu publiko/pribatuaren berregituraketa baten aurrean gaude, koordainketa tresnen erabilera ohikoa bihurtu baita, eta, dirulaguntza ugari daudenez, gizarte-inklusiora bideratutako gaiak lehenesten dira”.
Conversaciones-Solasaldiak zikloaren helburua da ikertzaileek eta adituek jardun irekia izatea beraien artean, eta, aldi berean, ikus-entzuleekin gogoeta egin dezatela gaurkotasuneko gaiei buruz. Zikloak urtearen azken hiruhilekoan izango du jarraipena, hezkuntzari eta kulturari buruzko bi saio egingo baitira.