Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak Batxilergoko V. Eztabaida Lehiaketarako deialdia egin dute, eta urriaren 24 eta 25ean egingo da. Inskripzioa irailaren 27ra arte dago irekita, eta Kultura Jardueren Ataleko bulegoan, Arrosadiko Campuseko Ikasgelategian egin behar da, edo inprimakia actividades.culturales@unavarra.es posta elektronikoaren bidez bidalita.
Torneoan Batxilergoan ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxeek parte hartzen ahal dute. Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du, eta 2. Batxilergoko ikasleek osatuko dute taldea. Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak. NUPek 16 ikastetxe onartuko ditu, gehienez ere. Ikastetxeak izen-ematearen ordenaren arabera aukeratuko dira. Torneoko irabazleen saria tableta elektroniko bana izango da, eta bigarren sailkatzen direnena, liburu elektroniko bana. Lehiaketaren oinarriak eta araudia Kultura Atalean daude kontsultatzeko.
Txapelketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua unibertsitateetako eta Batxilergoko ikasleen artean, azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Nafarroako ikastetxe publiko eta hitzartuetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da lehiaketa. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten: jendaurrean mintzatzeko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo argudioak ematekoa. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.
Lehiaketa
Batxilergoko eztabaida torneoa urriaren 24 eta 25ean egingo da. Aurretiaz, prestakuntza-saio batzuk egingo dira, talde parte-hartzaileei orientazioa eta argibideak emateko, lehiaketari buruz sor daitezkeen zalantzen gainean. Taldeak ostiral honetatik hasita lehiatuko dira, eta aurretik zozketatuko diren aurkako jarrerak defendituko dituzte, hitz-txanda itxien bidez (hasierako adierazpena, bi errefusatze eta ondorioak). Hitz txanda hauek, gehienez ere, 26 minutukoak izango dira (hamahiru talde bakoitzarentzat).
Epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, errefusatze eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna eta erraztasuna; segurtasuna eta gaia menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta zalutasuna erantzutean.