Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostiral honetan, irailak 5, ospatu du 2014-15 ikasturtearen hasiera ekitaldia. Ekitaldia Sario aretoan egin da, eta Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan dira ekitaldiaren buru. Rafael Santamaría Aquilué Nafarroako Unibertsitate Publikoko Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedradunak eman du hasierako ikasgaia. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Interes tasa mailegu eragiketetan: lukurreriarekin bueltaka".
Ekitaldian Nafarroako agintari nagusiak eta erakunde ekonomiko eta sozialen ordezkariak izan dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kideekin eta beste unibertsitate batzuetako kideekin batera.
Ekitaldia 12:00etan hasi da segizio akademikoaren desfilearekin Mauro Malvè banderaduna aurretik zihoala, eta Fernando Remacha aretoan sartu da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Hari-laukoteak "Erresuma sartzeko Martxa" interpretatzen zuen bitartean. Gero, Javier Etxeberria Martorell Unibertsitateko idazkari nagusiak 2013-2014 ikasturteari dagokion oroitidazkiaren laburpena irakurri du.
Ondoren, Rafael Santamaría Aquiluék hasierako ikasgaia eman du . Honako hau da izenburua: “Interes tasa mailegu eragiketetan: lukurreriarekin bueltaka". Hitzaldian kreditu-eragiketen historiari buruzko ibilbide labur bat egin du, sumeriar idazkietatik Erromaren garaira arte, eta gero gaur egungo egoeraren azterketa bat egin du hiru erlijio monoteista handiek gaiari buruz egiten duten interpretazioaren bidez. Kristautasunak, judaismoak eta islamismoak lukurreria gaitzetsi zuten beren lehenengo idazkietan.
Hitzaldiaren bigarren partean kreditu-eragiketek azken aldian sortu dituzten arazoetako batzuetan jarri du arreta, hala nola zoru-klausulak izenaz ezagutzen direnak, zeinak Rafael Santamaríaren iritzian "erabat justifikatuak" baitaude ikuspegi tekniko batetik edo legearen ikuspegitik. "Beste kontu bat da behar bezala ez merkaturatzearen edo kontratuaren baldintzak ezkutatzearen edo baldintza horien zehazgabetasunaren ondorio diren kasu espezifikoak", esan du hizlariak. Bere iritzian, zoru-klausulak ez dira generikoki gaitzetsi behar, zeren "haiek kentzeak, egon daitezkeen mailegu-hartzaileei mesede egin beharrean, interes-tasen ustekabeko aldaketen mende utz baititzakete".
Behin hasierako ikasgaia eman eta gero, irakasle eta ikertzaile berriak ere beren lanpostuaz jabetuko dira, eta erretiroa hartu duten langileak, erakundean zerbitzu ematen 25 urte igaro dituztenak eta azken urte honetan zendutako hiru ikasleak omenduko dituzte.
Julio Lafuente errektoreak eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak hitz egin dute. Azken honek eman dio hasiera ofiziala 2014-15 ikasturteari.
Haren hitzaldian, krisiaren ondorioz sistema unibertsitarioan ezarri diren murrizketak aipatu ditu Julio Lafuentek, eta azaldu duenez, murrizketa horiek kalte egiten ahal diote lehiakortasunari. Zentzu horretan, eta krisiaren ondorio larrienen eredu gisa, ondoko bi hauek aipatu ditu: “gai diren ikasleak” sistematik kanporatuak ikusten direla eta ikerleen egoera larria, “zorioneko birjartze tasaren ondorioa dena ”.
Errektoreak hainbat urtetarako finantzaketa hitzarmena eskatu du berriz ere, Nafarroako Gobernuarekiko itunaren bidez, eta titulazio berrien ezarpena, lehenik, Medikuntza eta Psikologia, izan ere, ziurtatu duenez, urtero 500 gazte itxaron-zerrendan gelditzen dira Unibertsitatean ikasposturik lortu gabe.
Gaudeamus Igiturrek eman dio amaiera ekitaldiari, eta ekitaldiaren alderdi musikala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Hari-laukoteak, “Aulodia Oboe Ensemble” Kontserbatorioko Oboe Taldeak eta Unibertsitateko Abesbatzak interpretatu dute. Arturo Goldaracena Asa da Unibertsitateko Abesbatzaren zuzendaria.
Prezioei eta merkatuei buruzko ikerketa
Rafael Santamaría Aquilué Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedra lortu zuen 1995ean. Zaragozako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko prestakuntza arautuko finantzetan eskolak eman ditu, eta noizbehinka lankidetzan aritu da hainbat unibertsitatetan. NUPen garatutako unibertsitate kudeaketako jarduerei dagokienez, kargu hauek izan ditu: Enpresen Kudeaketa Sailaren zuzendaria, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta Plangintza eta Gai Ekonomikoetako errektoreordea.
Bere intereseko ikerketa-lerroak gai hauei buruzkoak dira: prezioen jokaera finantza merkatuetan, aktiboen eta finantza-aktibo eratorrien balioespena eta inbertsio kolektiboko erakundeen ikerketa. 20tik gora ikerketa-proiektu lehiakorretan parte hartu du, eta ehun inguru artikulu argitaratu ditu irakaskuntza aldizkarietan, eta hamar bat liburu.
Ikasturte hasiera eta harrera eguna
Nafarroako Unibertsitate Publikoak hurrengo astelehenean, irailak 8, emango dio hasiera ikasturteari Graduko titulazioetako ikasleentzat. Lehen egun horretan, lehen ikasmailako ikasleei zuzendutako Harrera Egun bat egingo da. Titulazioak eta Zerbitzuen Ataria (NireIkasgelategia ikaskuntzarako plataforma birtuala) aurkeztuko dira, eta bisita gidatua egingo da Liburutegira.
Horrez gainera, 11:00etatik 14:00etara, Unibertsitatearen hainbat zerbitzu aurkezteko saio bat egingo da, hala nola Ikasleentzako Argibide Bulegoa, Kanpo Harremanak, Gizarte Ekintzarako Unitatea, eta Kultura eta Kiroletako zerbitzuak. Informazioa Liburutegiaren atzeko aldean dagoen leku batean emango da, eta bertan estandak jarriko, eta kultura jarduerak eta kirol erakusketak egingo dira.