Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostiral honetan, irailak 7, ospatuko du 2014-15 ikasturtearen hasiera ekitaldia. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango dira ekitaldian buru. Horiekin batera Foru Erkidegoko agintari nagusiak eta unibertsitate komunitateko kideak egongo dira.
Rafael Santamaría Aquilué Nafarroako Unibertsitate Publikoko Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedradunak emango du hasierako ikasgaia. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Interes tasa mailegu eragiketetan: lukurreriarekin bueltaka".
Ekitaldia hasteko, segizio akademikoaren desfilea izango da, eta Javier Etxeberria Martorell NUPeko idazkari nagusiak 2013-2014 ikasturteari dagokion oroitidazkia irakurriko du. Ondoren inaugurazio-hitzaldia izango da, eta geroago Julio Lafuente errektoreak eta Yolanda Barcina Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak hitz egingo dute. Azken honek emango dio hasiera ofiziala 2014-15 ikasturteari. Irakasle eta ikertzaile berriak ere beren lanpostuaz jabetuko dira ekitaldian, eta erretiroa hartu duten langileak, erakundean zerbitzu ematen 25 urte igaro dituztenak eta azken urte honetan zendutakoak omenduko dituzte.
Prezioei eta merkatuei buruzko ikerketa
Rafael Santamaría Aquilué Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedra lortu zuen 1995ean. Zaragozako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko prestakuntza arautuko finantzetan eskolak eman ditu, eta noizbehinka lankidetzan aritu da hainbat unibertsitatetan. NUPen garatutako unibertsitate kudeaketako jarduerei dagokienez, kargu hauek izan ditu: Enpresen Kudeaketa Sailaren zuzendaria, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta Plangintza eta Gai Ekonomikoetako errektoreordea.
Bere intereseko ikerketa-lerroak gai hauei buruzkoak dira: prezioen jokaera finantza merkatuetan, aktiboen eta finantza-aktibo eratorrien balioespena eta inbertsio kolektiboko erakundeen ikerketa. 20tik gora ikerketa-proiektu lehiakorretan parte hartu du, eta ehun inguru artikulu argitaratu ditu irakaskuntza aldizkarietan eta hamar bat liburu.
Ikasturte hasiera eta harrera eguna
Nafarroako Unibertsitate Publikoak hurrengo astelehenean, irailak 8, emango dio hasiera ikasturteari Graduko titulazioetako ikasleentzat. Lehen egun horretan, lehen ikasmailako ikasleei zuzendutako Harrera Egun bat egingo da. Titulazioak eta Zerbitzuen Ataria (NireIkasgelategia ikaskuntzarako plataforma birtuala) aurkeztuko dira, eta bisita gidatua egingo da Liburutegira.
Horrez gainera, 11:00etatik 14:00etara, Unibertsitatearen hainbat zerbitzu aurkezteko saio bat egingo da, hala nola Ikasleentzako Argibide Bulegoa, Kanpo Harremanak, Gizarte Ekintzarako Unitatea, eta Kultura eta Kiroletako zerbitzuak. Informazioa Liburutegiaren atzeko aldean dagoen leku batean emango da, eta bertan estandak jarriko, eta kultura jarduerak eta kirol erakusketak egingo dira.