25 herrialdetako 128 ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo dute 2014-2015 ikasturteko udazkeneko seihilekoa irakaskuntza-erakundeak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko sei programen barruan. Lehendabiziko aldiz, unibertsitate nafarreko 39 ikasle boluntariok harrera programa batean parte hartuko dute, gazte atzerritarrei Foru Erkidegorako etorrera errazteko.
Ekimen horretan dauden NUPeko 39 ikasleek edo mugikortasun programa batean parte hartu dute edo aurki parte hartuko dute. Beren egitekoa atzerritarrei Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen laguntzea da eta beste hainbat kontutan laguntzea, hala nola egoitza bilatzea. Kanpo Harremanetarako Atalak eta Ikasleentzako Argibide Bulegoak jarri dute abian ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorriaren barnean ematen zaizkien zerbitzuen artean dago astebeteko iraupena duen espainierako doako ikastaro trinko bat Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Ikastegian. Hain zuzen ere ikasle horietako 80 inguruk astelehen honetan, irailak 1, hasiko dute aipatu monografikoa.
NUPeko ikasleen eta ikasle atzerritarren arteko parekatzea egiteko kontuan hartu dira, ahal den neurrian, jatorrizko unibertsitateak eta unibertsitate hartzaileak, egiten ari diren titulazioak eta hizkuntza-gaitasuna. Horri esker talde txikiak eratu dira. Hala, unibertsitate nafarreko ikasle bakoitzeko, nazioarteko bi edo hiru ikasle daude. Talde horietatik kanpo utzi dituzte Txina eta Taiwanetik etorritako 26 ikasleak, Iruñean bizi den txinerako irakasle taiwandar bat arduratuko baita haien harreraz.
Txina, lehenengo herrialdea ikasle kopuruari dagokionez
Nazioarteko ikasleak (80 emakume eta 48 gizon) 25 herrialdetakoak dira, europarrak gehienak, baina programetan gazte gehien dituen herrialdea Txina da 24 ikaslerekin. Zifrak xehatzen badira, emaitza hauek ditugu: Europako 70 ikasle; Asiako 30; Amerikako 27; eta Ozeaniako bat.
Jatorriari begira, europarrak honela banatzen dira: Frantzia (21), Italia (15), Alemania (11), Txekiar Errepublika eta Turkia (bakoitzak 4), Polonia (3), eta gainerako herrialdeetako bakoitzak bi ikasle: Austria, Belgika, Holanda, Irlanda, Lituania eta Portugal.
Latinoamerikako herrialdeetan ikasle gehien bidali dituena Mexiko da (9 ikasle). Horiez gainera, Brasilek eta Ekuadorrek hiruna ikasle bidali dituzte, Txilek eta Peruk bina eta Nikaraguak bat. Ipar Amerikari dagokionez, Estatu Batuetako lau ikasle etorri dira, eta Kanadako hiru. Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, 24 ikaslerekin; atzetik datoz Japonia hirurekin, Taiwan birekin eta Hego Korea batekin. Azkenik, Australiako ikasle bat dator Ozeaniatik.
Erasmus programako 70 ikasle daude (Europako ikasleekin trukea egiteko), eta ikasle horiek Europako hamabi herrialdetakoak dira. Beste gainerako ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak diren bi programa berekikoak dira (Palafox, Amerika Latinorekin trukatzeko, eta Martín de Rada, Asia eta Itsaso Bareko herrialdeekin trukatzeko), edo bestela hauetako batekoak: ISEP (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin), ikasle bisitariak eta aldebiko hitzarmenak. Programa hauek aurrera eraman daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenak izenpetu dituelako 50 naziotako goi mailako 300 erakunderekin.
Gehien eskatzen diren titulazioak
Titulazioen arabera, aipatzekoa da nazioarteko ikasleen % 48k Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean egingo dituela ikasketak eta % 20k Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean.
Mugikortasun programetako ikasleak udazkeneko sehilekoan egongo dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta graduko ikasketak egingo dituzte Iruñeko eta Tuterako campusetan.
Atzerriko 128 ikasle horietatik, 38 geratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan udaberriko seihilekoa egitera. Seihileko hau datorren urteko otsail hasieran hasiko da.