Joan eduki nagusira

zoom NUPeko antzerki taldea.

NUPeko antzerki taldea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 33 kultura-ikastaro eskainiko ditu 2014-2015 ikasturtean. Horietatik 23 Iruñeko Campusean egingo dira eta 10 Tuterako Campusean. Ikastaro horietan matrikula egiteko epea astelehenean, irailak 1, irekiko da unibertsitateko komunitatearentzat, eta irailaren 22tik aurrera unibertsitatetik kanpokoentzat. Matrikula Interneten bidez egingo da Kultura Jardueren Ataleko web helbidean.

Gai hauekin lotutako ikastaroak eskainiko dira: musika eta arte eszenikoak, komunikazioa, irudia eta soinua, zientzia eta teknologia eta gastronomia, eta lehen seihilekoan 16 ikastaro hasiko dira Iruñean eta 5 Tuteran. Iruñean egingo diren lau ikastaro euskaraz emango dira.

Ikasturte honetan lehenengo aldiz eskainiko dira Iruñean ikastaro hauek: "Bertsoen bidez: nola hobetu idatzizko eta ahozko adierazpena (poesia lantegia)", “Ahozko eta idatzizko komunikazio gaitasuna nola hobetu”, “Identitate pertsonala sarean: internet eta sare estrategia”, eta "Emakumeak publizitatean, musikan eta zineman". Tuterako Campusean, bestalde, ikastaro berri hauek egingo dira: "Biluzik egon behar da museo batean sartzeko? Emakume irudiaren analisia arte moderno eta garaikidearen garapenean" eta "Artea eta jolasa. Jolas jarduna sormen prozesu gisa". Ikastaroen eskaintza osorik ikusgai dago webgunean.
 

Talde egonkorrak: abesbatza eta antzerki taldea


Astelehenetik aurrera, irailak 1, NUPeko talde artistiko egonkorretan (abesbatza eta antzerki taldea) izena emateko epea ere irekiko da. Antzerki talderako izangaien aukeraketa bat egingo da. Beraz, izena emateaz gainera, inprimaki bat bete behar da.

Inskripzioa doakoa da ikastaro hauetan: "Jendaurrean mintzatzea", "Hobeki mintzatzea lehiaketa-eztabaida tresna gisa erabilita", "Argazki ukitua Photoshopen bidez”, Irakurketa Kluba, Abesbatza eta Antzerki Taldea. Gainerako ikastaroen prezioak 61 eurotik 137 eurora bitartekoak dira, eta ordainduko den prezioa zehazteko kontuan hartuko da ikaslea unibertsitateko komunitateko kidea den eta ikastaroen iraupena zein den.

Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere 6 kreditu lortuko dira jarduera horiengatik Graduko ikasketa-planean.
 

Jarduerak Zinematekarekin eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin (NOS)


Horrez gainera, Unibertsitateak elkarlanean dihardu kulturaren esparruan beste erakunde batzuekin, hala nola Nafarroako Zinemateka edo Nafarroako Orkestra Sinfonikoa (NOS), eta ikastaroak eskaintzen ditu bere programazioa osatzeko. Horren erakusgarri da "Topaketak NOSekin" izeneko ikastaroa. Marcos Andrés Vierge irakasleak ematen du, eta ikastaro horri esker orkestraren kontzertuen aurretik egiten diren saioetara joaten dira ikasleak, eta bertan kontzertuetan joko den musika azaltzen da. Bestalde, Nafarroako Zinematekan "Ezinbesteko zinema" zikloan parte hartuta ere lortuko dituzte kredituak ikasleek.