Mikel Borrega Ayala Automatika eta Industria Elektronikako ingeniariak instalazio fotovoltaiko handietan erabiltzen diren energia bihurtzeko sistemak ikertu ditu bere doktoretza-tesian. Bere lanaren ekarpen nagusia da korrontea kontrolatzeko teknika berri bat bihurgailu mota jakin baterako (sorgailu fotovoltaikoaren korronte zuzeneko energia korronte alterno bihurtzen duen egitura), eta ekarpen horri esker dirua aurrezten da.
"Bihurgailua elementu erabakigarri bat da instalazioaren barnean. Eguzki panelek bildutako energia jaso eta energia elektrikoan bihurtzen du era horretan banaketako sare elektrikoan sartzeko". Ahalmen handiko hiru bihurgailu fotovoltaiko mota aztertu ditu bere doktoretza-tesian, eta korrontea kontrolatzeko teknika berri bat proposatu du Nagusi-Morroi motako bihurgailuetarako. "Teknika horrek korronte zirkulatzaileak ezabatzen ditu, eta sekundario bakarreko eta hiru faseko induktantziak erabiltzea ahalbidetzen du, eta horri esker dirua aurrezten da", esan du. Bere datuen arabera, transformadoreak % 40 merkeagoak dira sekundario anitzak eta hiru faseko induktantziak dituztenak baino, eta fase bakarra dutenak baino % 25 merkeagoak.
Tesiaren izenburua hau da: “Estructuras de conversión para sistemas fotovoltaicos de alta potencia“. Luis Marroyo Palomo eta Roberto González Senosiain NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko ikertzaileak izan dira tesiaren zuzendarikideak, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du lanak.
EMI iragazkien diseinu metodologia bat proposatzea izan da tesiaren beste ekarpen bat. Iragazki horiek bateragarritasun elektromagnetikoaren araudia betetzea ahalbidetzen dute, instalazio fotovoltaikoko beste dispositibo elektronikoekin dauden interferentziak ezabatzen baitira, hala komunikazio-sistemak, bideozaintza, alarmak, etab.
Mikel Borrega Ayala Industria Elektronikako ingeniari teknikoa (2001) eta Automatika eta Industria Elektronikako ingeniaria (2003) da Mondragon Unibertsitatean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere doktoretza, eta zientzia aldizkarietan argitaratutako hainbat artikuluren egilea da. Egun, proiektuburu gisa lan egiten du Ingeteam Energy enpresako I+G Fotovoltaikoaren sailean. 2003. eta 2011. urteetan, enpresa berean lan egin zuen bihurgailu fotovoltaikoen hardware eta software diseinuko I+G ingeniari gisa, eta hiru urtez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartu gisa ere lan egin aldi berean. Aurretiaz, 2000tik 2002ra arte, hardwarearen diseinu eta inplementazioan lan egin zuen Fagor Automationeko I+G sailean.