Joan eduki nagusira

Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusak (Campus Iberus), Zaragozako, Lleidako, Errioxako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa unibertsitateek osatutakoak, deialdi bat ireki du ikerketa, bestetaratze eta berrikuntza proiektuak garatzeko helburuarekin funts publiko eta pribatuak lortuko dituzten ikertzaile partzuergoen eraketa sustatzeko nekazaritzako elikagaien eta nutrizioaren esparruan.

Partzuergo horien xedea izango da beren ikerketa eta berrikuntza gaitasunaren agregazio iraunkor bat lortzea, eta masa kritikoa eta europar proiektuen lidergo gaitasuna biltzea. Deialdi honen bidez ez dira ikerketa-proiektuak finantzatuko, baizik eta funtsak lortzea, bereziki europarrak, proiektu horiek garatzeko.

Helburua da Campus Iberuseko ikertzaile eta enpresaburuek batera lan egitea nekazaritzako elikagaien sektorean industria transformazioko prozesuak garatzeko, produktu osasungarriak egin eta prestatzeko edo Ebro ibarreko elikagaien hazkurri balioaren ezaugarriak zehazteko. NUTRIBERUS izeneko proiektuaren hiru esparru horiekin lotutako partzuergoak finantzatuko ditu deialdiak. Eskaerak aurkezteko azken eguna 2014ko irailaren 19a izango da.

Gutxienez Iberus Campuseko bi unibertsitatetakoak diren ikertzaileek osatuko dituzte partzuergoak, eta bereziki balioetsiko da Pau eta Toulouseko unibertsitateen parte-hartzea. Unibertsitate horiek EBRoS Mugaz gaindiko Campusean integratuak daude. Partzuergoek Campus Iberuseko eskualde/probintzietan kokatutako enpresa bat izan beharko dute gutxienez, eta “partner elkartu” gisa parte hartzeko aukera izango dute, baita ere, Campus Iberusekoak ez diren beste unibertsitate edo zentro batzuetako ikertzaileek.

240.000 pertsonak lan egiten dute sektorean

La Caixa Fundazioak eta Campus Iberusek 2013. urtearen amaieran sinatutako lankidetza hitzarmenean dauka bere jatorria deialdi honek. Hitzarmenaren xedea zen Nekazaritzako Elikagaien eta Nutrizioaren arloan lehiakortasunari eta ekonomia, gizarte eta ingurumen iraunkortasunari buruzko jarduera estrategikoak garatzea, Unibertsitateko Campusak eta hazkunde ekonomikoa Programaren barruan.

Ekimen hori Campus Iberusen Nekazaritzako Elikagaien eta Nutrizioaren jarduera planaren barruan dago. Planaren bidez Ebro Ibarrerako estrategikoa den eta 240.000 pertsona enplegatzen dituen arlo baten lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartu nahi dira.

Zehazki, estrategikotzat jotzen diren lau esparrutan jardungo du planak: Elikagaien kalitatea eta segurtasuna; eraginkortasun produktiboa; ingurumena eta aldaketa klimatikoa, eta elikadura osasungarria-elikagai funtzionalak.

Hain zuzen, Campus Iberusek, nekazaritzako elikagaien eta nutrizioaren sektorean I+G+b-n aritzen diren 129 talde baititu, ahalmen aipagarria dauka ezagutza besteratzeko esparru horretan.