Joan eduki nagusira

zoom Pedro José Rivero Fuente

Pedro José Rivero Fuente

Pedro José Rivero Kimika eta Biokimikan lizentziaduna da, eta zilarrezko nanopartikulen sintesia eta nanopartikula horiek ondoren estaldura ultrameharretan txertatzea ikertu du bere doktoretza-tesian. Garapen honek izan ditzakeen aplikazioen artean bakterioen aurkako estalduren fabrikazioa nabarmentzen da, "zeinak oso eraginkorrak baitira zilarraren efektu biozida dela-eta; beraz, interes handikoak dira aplikazio biomedikoetan, hala nola eragile bakterizida, fungizida, antibiral edo orbaintzaileak".

Ikerketa honen beste aplikazioetako bat da zuntz optikoko sentsore mota berri baten garapena, diseinua eta fabrikazioa. Sentsore horiek oinarritzen dira bi fenomeno optikoren aldibereko sorkuntzan gailu berean. Hainbat parametro fisiko, kimiko edo biologikori buruzko neurri zehatzagoak lortzen dira sentsoreen bidez. "Frogatu da zilarrezko nanopartikulekin egindako gailuek ohikoek baino erantzun-denbora hobeak dituztela, eta egonkortasun eta iraunkortasun handia dute denboran", azaldu du ikertzaileak.

Doktoretza-tesiaren izenburua hau da: “Contribution to the development of functional nanostructured coatings based on silver nanoparticles” (Ekarpena zilarrezko nanopartikuletan oinarritutako estaldura nanoegituratu funtzionalen garapenari). Javier Goicoechea Fernández eta Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailekoak izan dira zuzendarikideak, eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du Nazioarteko Doktore aipamenarekin.

Magnitude nanometrikoen eremuan, materialek eskala handiagoan lortzen ez diren propietate berri edo hobetuak dituzte, eta horregatik dauka interes zientifikoa propietate berriak dituzten estaldura nanoegituratuak garatu eta egiteak.

Doktoretza-tesi honetan proposatutako zilarrezko nanopartikulen sintesirako ibilbidea uretan egiten da, ingurumenerako kaltegarriak diren erreaktibo organikoak erabili beharrik gabe. Nanopartikulak giro-tenperaturan lortzen dira, eta hainbat parametro zorrotz kontrolatuz (pH, zilar ioien proportzioa, eragile kapsulagarria, etab.) forma (esferikoak, kubikoak, triangeluarrak, laukizuzenak edo hexagonalak), tamaina (nanometrikoak edo mikrometrikoak), kolore (laranja, morea, berdea, urdina, marroia, horia edo gorria) edo agregazio-egoera (monosakabanatua/polisakabanatua) anitzeko nanopartikulak lortzen dira.

Pedro José Rivero Kimikan (2006) eta Biokimikan (2007) lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean. NUPen Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra eta UHUNen Polimeroen Zientzia eta Teknologiako Masterra egin eta gero, doktoretza-tesia egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta han Ingeniaritzan Doktorea titulua lortu du. Bere ibilbide profesionalean lan egin du Nafarroako Berrikuntza eta Teknologiako Diziplina Anitzeko Zentroan (CEMITEC), Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroan (CIMA), NUPeko Jerónimo de Ayanz Zentroan eta Nanoresist S.L enpresan. Doktoretza aurreko egonaldi bat ere egin du hemen: Optical Sensors Laboratory (OSL), Dublin City University (DCU), Irlanda. Bost ikerketa proiektutan parte hartu du, eta aldizkari zientifikoetan argitaratutako 12 artikulu, nazioarteko biltzarretarako 15 ekarpen eta liburuko kapitulu 1 egin ditu. Egun doktoretza ondoko egonaldi bat egiten ari da Lisboako (Portugal) Unibertsitatearen Goi Mailako Institutu Teknikoko Kimika Fisika Molekularreko Zentroan (CFQM).