Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitateko hezkuntza robotikako ikastaroko parte-hartzaileak.

Unibertsitateko hezkuntza robotikako ikastaroko parte-hartzaileak.

Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 20 irakasle (haietatik 4 mexikarrak) eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako 45 ikasle parte hartzen ari dira Hezkuntza Robotika eta Scratch/BYOB Programazioaren Nazioarteko Campusean. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du Foru Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarekin eta Iruñeko Planetarioarekin lankidetzan eta Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen barnean. Parte-hartzaileek robot fisikoekin (Lego) eta birtualekin (Scratch/BYOB programazio-lengoaia) lan egiten dute.

Monografiko hori atzo, astelehena, abuztuak 18, hasi eta abuztuaren 29an amaituko da, eta Alfredo Pina Calafik, NUPeko Matematika eta Informatikako Ingeniaritza Saileko irakasleak, eta Gabriel María Rubio Navarrok, NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Saileko irakasleak eta Hezkuntza Departamentuko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Ataleko buruak zuzentzen dute.

Alfredo Pina bera eta Javier Arlegui de Pablos NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea dira ikastaroko irakasleak, Italiako irakasle gonbidatu hauekin batera: Stefano Monfalcon, Trentoko (Italia) probintziako Roveretoko Museo Cívicoko LEGO Centerreko Robotika Atalaren arduraduna; eta Maddalena Angeli, Hezkuntza Robotikan eta BYOB Programazioan espezialista eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea.

Nahitaezko programazio informatikoa Lehen Hezkuntzan

zoom Javier Arlegui irakaslea (ezkerrean), ikastaroko parte-hartzaile batzuekin.

Javier Arlegui irakaslea (ezkerrean), ikastaroko parte-hartzaile batzuekin.

Campus honek bat egiten du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren erabakiarekin, heldu den ikasturtean, informatikako programazioa hedatzeko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. ikasmailetako matematika curriculumean Scratch programazio-lengoaiaren bidez.

Robotika campus honen helburua bikoitza da. Alde batetik, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak (Lego) eta robot birtualak (Scratch/BYOB programazio-lengoaiak) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei.

Ikastaroa abuztuaren 29an, ostiralean, bukatuko da, ikasleek egindako proiektuen erakustaldi batekin Iruñeko Planetarioan, eta sarrera doakoa izango da interesa dutenentzat.