Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi udako ikastaro egingo dira datozen hamabost egunetan: bat Iruñeko Arrosadiko campusean, Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleentzat Hezkuntza robotikari buruzkoa, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarekin eta nafar hiriburuko Planetarioarekin lankidetzan; eta bestea, monitoreak uretako terapietan prestatzeko desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko. Azken ikastaro honen saioak udal horretako igerileku estalian emango dira, eta udalaren finantzaketa dauka.

Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen barruan dagoen Hezkuntza Robotika eta Scratch/BYOB Programazioaren Nazioarteko Campusean egingo dira unibertsitate aurreko irakasleentzako lantegi-mintegi bat eta Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko (5. eta 6. mailak) ikasleentzako eguneko eskola-kanpamendu bat.

Alfredo Pina Calafik, NUPeko Ingeniaritza Matematika eta Informatika Saileko irakasleak, eta Gabriel María Rubio Navarrok, NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Saileko irakasleak eta Hezkuntza Departamentuko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Ataleko buruak zuzentzen dute Sario eraikinean abuztuaren 18tik 29ra bitartean egingo den monografiko hau.

Alfredo Pina eta Javier Arlegui de Pablos NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea dira ikastaroko irakasleak, Italiako irakasle honekin batera: Stefano Monfalcon, Roveretoko Museo Cívicoko (Trentoko probintzia) LEGO Centerreko Robotika Atalaren arduraduna.

Campus honek bat egiten du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren erabakiarekin, heldu den ikasturtean, informatikako programazioa hedatzeko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. ikasmailetako matematika curriculumean Scratch programazio-lengoaiaren bidez.

Robotika campus honen helburua bikoitza da. Alde batetik, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak (Lego) eta robot birtualak (Scratch/BYOB programazio-lengoaiak) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei.

Ikastaroa abuztuaren 29an bukatuko da, ikasleek egindako proiektuen erakustaldi batekin Iruñeko Planetarioan, eta sarrera doakoa izango da.

Uretako terapiei buruzko ikastaroa

Udako beste ikastaroaren helburua da profesionalak prestatzea desgaitasuna duten pertsonak uretara egoki daitezen lortzeko, desgaitasuna dutenak modu egokian estimulatzeko daukaten desgaitasun motari erreparatuz.

Ana Insausti Serrano (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasle eta Osasun Zientzien Fakultateko dekanordea) da ikastaroaren zuzendaria. “Irakasleen prestakuntza, desgaitasuna dutenentzako uretako terapietan” da ikastaroaren izenburua, eta bi astetan (abuztuaren 18tik 29ra) emango du Iñaki Domínguez Domínguez fisioterapeutak.

Saioak astelehenetik ostiralera emango dira 15:30etik 17:00etara, Berriozarreko Kiroldegiko igerileku estalian.