Miguel Ángel Gurbindo Marín, Gizarte Lanean diplomadunak, bere doktoretza tesian aztertu ditu nerabezaroan gizarte-gatazka larri eta luzeko egoeren sorrera eta garapena. Bere ikerketan ondorioztatzen du "kaltetua dagoen edo gizarte bazterketa egoeran dagoen familia egitura batek eragiten du adingabeek etorkizunik gabeko sentsazioa izan dezaten. Horrek, era berean, sorrarazten du autoafirmaziorako beharra, errefusatzea gurasoen irudiak, hezkuntza sistema eta, hedapenez, helduen mundu osoa orokorrean".
Nafarroan Haurrak Babesteko Sistemaren programaren azterketan oinarritu da lana egiteko. Bost urtez programa horretatik pasatu diren adingabeen eta beren familia inguruen % 100arekin lan egin da (449 pertsona guztira). "Horrek aukera eman digu nerabezaro aldi osoan (12-18 urte) lan egitea, balioestea bilakaera denboran zehar, Nafarroan haurrak eta nerabeak babesteko sistemaren eraginkortasuna eta efizientzia balioestea, urtez urteko alderaketa ezartzea eta denboran zehar irauten duten, eta testuinguru zehatz batekoak diren, arrisku/babes faktore nagusiak adieraztea".
Tesiaren izenburua da "Gizarte arriskuan den nerabezaroa. Nerabezaroko gizarte-gatazka larri eta luzeko egoeren azterlan bat, Nafarroan Haurrak Babesteko Sistematik aztertuta". Jesús Hernández Aristu doktoreak zuzendu du eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Gizarte-gatazka larri eta luzeko egoerez ari garenean, adingabe askok bizi duten gizartean egokitu ezineko prozesu larriaz ari gara, adingabe askok zailtasun handia baitute beren inguru fisiko, profesional, familiar, eskolar edo sozialean moldatzeko. Gehienetan eragin larria izaten du elkarreragiten duten portaeran eta inguruan; horregatik, kasu larrienetan, aldi baterako edo behin betiko bereizi beharra dago erreferentziazko familia gunetik.
Jasotako datuen arabera, aztertu den populazioa, gehienbat, honako profilean sartzen da: 13 eta 20 urte bitarteko nerabe/gazteak (batez besteko adina 15,61 urte), eta ia ez dago alderik generoari dagokionez. Familia tipologiari eta jatorriari dagokienez "heterogeneotasun handia dago, baina azpimarratzekoa da atzerritar jatorriko biztanleen gehiegizko errepresentazioa eta, batez ere, familia egitura gurasobakarrekoak”, azaltzen du Gurbindok. Nabarmentzen da baita ere barneko eta kanpoko desdoitze osagai handi bat, familia artean eta gizarte esparruan portaera oso desegokian eta alarma sortzen duen portaera patroian adierazten dena.
Norabide anitzeko gatazka
Ikerketaren emaitzek adierazten dute badagoela bestelako gatazka tipologietatik bereizten den gizarte-gatazka tipologia bat, identitate ezaugarri berekiak eta bereiziak dituena. Egileak azaltzen duen moduan, "gatazka ez da soil-soilik helduekin; behintzat modu kontzientean, ez doa zuzenduta gizarte aldaketara edo sistemari edo kontrol erakundeei aurre egitera; ez da modu kolektiboan adierazten baizik eta indibidualean; ez da esparru bakar batera mugatzen, baizik eta portaera orokortzeko joera du gizabanakoa dabilen eta eragiten duen testuinguruetan zehar; eta desoreka emozionala du neurri handi batean, autosuntsiketaren bilaketaren bidez adierazten dena".
Testuinguru horretan, ikertzaile honek uste du gizarte-gatazka mota bat dela, harreman pertsonalen, familiarren, afektibo/sexualen, prestakuntza/lanekoen eta judizialen esparruetan adierazten dena. "Hori guztia, portaera patroi berri batetik, azaltzen dena batzuetan disruptiboaren eta disozialaren, gizarte arauen haustearen edo portaera asalduren bidez; beste batzuetan inhibizioa, mututasuna eta komunikaziorik eza; eta beste batzuetan autosuntsiketaren bilaketaren bidez, direla kontrolik gabeko arrisku praktikak, portaera autolitikoak edo gizartearekin deskonektatzea". Inguruabar horiek guztiek, era berean, eragiten dute gizarte gatazka-egoera larrian dauden adingabeek ez edukitzea beren hazkuntzan lagundu beharko lieketen atxikitzea eta gainbegiratzea esparru sozialean, hezkuntzakoan eta aisialdikoetan.
Miguel Ángel Gurbindo Gizarte Lanean diplomaduna eta familia bitartekaritzan aditua da. 2009an masterra egin zuen NUPen Gizarte Ongizatean, eta instituzio berean egin du doktoretza lana eta erdietsi du Gizarte Lanean doktore titulua. Bere ibilbide profesionala garatu du hezitzaile eta irakasle aditu gisa ANTOX komunitate terapeutikoan eta Nafarroako probintzia espetxean, bai eta Hartiz Berri Fundazioan ere. Era berean, gizarteratzeko goi mailako teknikari jardun du Iruñeko Udalaren gizarte zailtasunean dauden haurren eta nerabeen arretarako taldean eta Nafarroako Haurrentzako, Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan, haurrak babesteko atalean. 2009tik 2012ra bere ikerketa lana eta irakaskuntza bateratu ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean irakasle elkartu jardun baitu.