Nafarroako Unibertsitate Publikoko Academica-e biltegi instituzionalak unibertsitate komunitateko 4.000tik gora dokumentu akademiko eta zientifiko hedatu ditu jada. Biltegi digitala NUP instituzioaren web-orrialdean dago, eta Unibertsitateko ekoizpen zientifikoa eta akademikoa biltzea, antolatzea, begiratzea eta zabaltzea du helburu. Academica-e biltegia 2011. urtean abian jarri zen eta, beraren bidez, Unibertsitatean egiten diren ikerketa emaitzen ikusgaitasuna eta eragina areagotu nahi dira.
Guztira 4.062 dokumentu daude kontsultatzeko biltegi instituzional honetan, eta gehienak azken hiru urteotan NUPeko ikasleek egin dituzten Ikasketen Amaierako Proiektuak, Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak dira. Zehatz mehatz, 3.600 lan eta proiektu daude ikusgai bilduma honetan. Era berean, Academica-e biltegian gordetzen dira Funts Historikoko eta Huarte de San Juan aldizkariko dokumentuak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen artikuluen bilduma bat sarbide irekian.
Sistemak DSpace izenekoa du oinarri, zeina kode irekiko lankidetza proiektua baita, eta aukera ematen du bilaketa aurreratuak egiteko, testu osoarekin, argitaratzeko egunaren, egileen eta izenburuen arabera. Horretaz gainera, asmoa dago sortzen diren dokumentu berrien berri emateko posta elektronikoaren bidez, jaso nahi duten erabiltzaileei.
Academica-e biltegiak bilduma berri bat sortu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten diren biltzarrei buruzkoa. Bilduma horretan sartzen dira 2013tik egin diren biltzarrak, aktak, eta hitzaldietako eta mahai-inguruetako bideoak ere bai, NUP TBrako esteken bidez.
55 unibertsitatek biltegia daukate
Guztira Espainiako 55 unibertsitatek daukate biltegi zientifikoa sarbide irekian, CRUEren Unibertsitate Liburutegien Sareak egindako inkesta baten arabera. Horietatik, 32k sinatu dute 2003ko Berlingo Deklarazioa, Internetek jakintzaren hedapenerako eskaintzen dituen aukerez baliatzearen alde egiten duena, komunitate akademikoak eta zientifikoak sortutako lanak eskuratzeko sarbide irekiko biltegien bidez, doan eta mugarik gabe.
Osotara, 482.126 dokumentu daude gordeta biltegi hauetan, eta ikertzaileek egiten duten horien erabilerak erreferentzia gisa balio die unibertsitateei, jarduera zientifikoa ebaluatzeko prozesuak sustatzeko edo sailei edo ikerketa taldeei aurrekontuak esleitzeko.
2011ko ekainean onetsitako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean unibertsitateei eta ikerketa organismoei sarbide irekiko biltegiak sortzeko eskatzen zaie, eta gehienbat funts publikoekin finantzaturiko jarduerak dituzten ikertzaileei beren lanak biltegi horietan uzteko eskatzen zaie.
Egile eskubideak
NUPeko Academica-e biltegian dokumentuak uztean baimena ematen da testuak erreproduzitzeko, baldin eta azterketa pribatuetarako eta ikerketarako erabiltzen bada, eta testuaren aipamen laburrak besterik ez badira erreproduzitzen, betiere egilea eta iturria aipatuta.
Beren dokumentuak Academica-e izenekoan uzten dituzten ikertzaileek, egile eskubideak gordetzen dituzte, eta beste hedabide batzuetan zabaltzeko aukera dute. Dokumentuak biltegi honetan uztean, egileek banaketa-lizentzia ez esklusiboa onartzen dute. Horren arabera baimena ematen zaio Unibertsitateari utzitako materialerako sarbidea emateko eta jendaurrean jartzeko.
Honako biltegi baten abantaila da ekoizpen zientifikoaren ikusgaitasuna handitzen duela, egilearen zientzia ekoizpena eskuragarriagoa egiten du, ikerketa emaitzen hedapena eta jakinaraztea ahalbidetzen du, eta horrek zientzia-komunikazio jarioa errazten du.
Gainera, dokumentuak nazioarteko arauekin bat deskribatzeak aukera ematen du datu horiek berreskuratzeko Interneten biltegi eta bilaketa zerbitzuen bidez. Academica-e biltegian dagoen fitxategi digital bakoitzak identifikatzaile bakar bat esleitua dauka, eta horrek ziurtatzen du fitxategia zehaztasunez identifikatuko dela, osorik gordeko dela eta denboran iraungo duela.