Joan eduki nagusira

zoom Lehiaketako bigarren edizioaren irabazleak, gainerako finalistekin batera

Lehiaketako bigarren edizioaren irabazleak, gainerako finalistekin batera

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tesia 3 minutuan izeneko lehiaketaren hirugarren ediziorako deialdia egin du. Lehiaketaren helburua da prestatzen ari diren ikertzaileen artetik, beren lana zergatik den garrantzitsua eta beren ikerketa jarduerarekin gizarteari egiten dioten ekarpena zein den, espezialista ez den jendeari, ahalik eta hobekien azaltzen dioten ikertzaileak saritzea. Urte honetako berrikuntza nagusia da Campus Iberus partzuergoko lau unibertsitateetako (Zaragoza, Lleida, Errioxa eta Nafarroako Publikoa) ikertzaileek izango dutela aukera doktoretza tesien modalitatean parte hartzeko. Inskripzioa egiteko epea zabalik egongo da irailaren 1etik 30era bitartean, eta lehiaketaren oinarriak www.unavarra.es/t3m/ webgunean daude kontsultatzeko.

Tesiak 3 minutuan izeneko lehiaketaren bidez, etorkizuneko ikertzaileak kontzientziatu nahi dira beren lana zabaltzeak duen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoari lagundu. Lehiaketa honetan parte-hartzen dutenek ikerketa-lan luze bat, tesien kasuan hainbat urte irauten duena, hiru minutuan laburbildu behar dute jendaurrean.

NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak sustatzen du Tesiak 3 minutuan lehiaketa, eta Kultura Zientifikorako Unitatearen, Komunikazio Zerbitzuaren eta Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren laguntza dauka. Orain arte egin diren bi edizioetan Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendeko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren finantzabidea eduki du.

Hiru modalitateak

Lehiaketak hiru modalitate ditu, eta modalitate bakoitzak sari bana du. Doktoretza tesien modalitateak 1.000 euroko saria du, eta prestatzen ari diren eta gutxienez hiru urte ikertzen igaro dituzten ikertzaileek izango dute parte hartzeko aukera, Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako batean matrikulatuta badaude. Era berean, lau unibertsitateetako edozeinetan doktoretza tesia 2013ko urriaren 1etik 2014ko irailaren 1era bitartean irakurri duten ikertzaileak ere onartuko dira.

Tesien modalitatean, lehiaketa hasiko da partzuergoko unibertsitate bakoitzean aldez aurretik egingo den fase batekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo den baterako azken fasean lehiatuko diren izangaiak aukeratuko dituzte fase horretan.

Beste bi modalitateetan, Master Amaierako Lanak, eta Ikasketen Amaierako eta Gradu Amaierako Lanak izenekoetan, parte hartu ahalko dute NUPen 2013-14 ikasturtean beren proiektuak aurkeztu dituztenek, betiere urte honetako irailaren 1a baino lehen irakurria izan bada.

Ikerketaren edo proiektuaren garapena gehienez hiru minutuan azaltzeko erronkari aurre egin beharko diote parte-hartzaileek, eta hizkera erraz, ulergarri eta jendeari orokorrean iristeko modukoan egin beharko dute. Ikus-entzule ez espezializatuei ideiak eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna balioetsiko du epaimahaiak.

Aurreko edizioan egin bezala, finalera iristen diren NUPeko ikasleen eta ikertzaileen lanak irratiaren bidez emango dira, Nafarroako Radio Nacional de Españarekin lortutako akordioari esker.

Epea irailaren 1ean irekiko da

Lehiaketa urrian eta azaroan egingo da, eta inskripzio-epea 2014ko irailaren 1etik 30era arte egongo da irekita, aipatu egunak barne. Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dituen erregistroetan aurkeztuko dira eskaerak, bai eta Herri Administrazioen Legeak ezarritako beste edozein bidetatik.

Lehenbiziko "Tesia 3 minutuan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zeelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte-hartzaile gehiago dauzka.