Joan eduki nagusira

zoom Fritz Zaversky

Fritz Zaversky

Fritz Zaverskyk energia termikoa biltzeko sistemak ikertu ditu bere doktoretza tesian. Zehazki, eguzki zentral termoelektrikoen portaeraren simulazio ereduak aztertu ditu. Azaltzen duenez, "beste energia berriztagarri batzuek ez bezala, eguzki zentral termoelektrikoek ahalmena dute kudeatzeko modu batean energiaz hornitzeko, biltegiratze termikoaren eta/edo hibridazioaren bidez". Horregatik, ikertzaileak saiatzen ari dira zentral horien funtzionamenduaren simulazioko eredu matematikoak hobetzen "kontuan hartzeko sarrerako baldintza meteorologikoen aldagarritasuna bezalako alderdiak, edo erabiltzaileak sartutako zentralaren eragiketa estrategien murrizketak", mota honetako instalazioak garatzeko eta optimizatzeko funtsezko elementuak direnak.

Eguzki energia-termiko kontzentratuko zentralek eguzki-erradiazioa atzematen dute, azalera hartzaile batengan kontzentratzen dute eta, azken belaunaldiko ziklo termodinamikoen bidez, xurgatutako beroa lan mekaniko bihurtzen dute, eta ondorioz, energia elektriko. Zentral horien portaera oso lotua dagoenez gero denboran zehar nabarmen aldatzen diren inguruko ingurumen baldintzekin, (ez soilik egunean zehar, baizik eta urtean zehar ere bai), ezinbesteko bihurtu da kontuan hartzea zentralaren simulazio iragankorrak bere osotasunean.

Fritz Zaverskyren doktoretza tesiak izenburu hau dauka: “Object-oriented modeling for the transient performance simulation of solar termal power plants using parabolic trough collectors — a review and proposal of modeling approaches for thermal energy storage”. Elkarlanean zuzendu dute David Astrain Ulibarrena NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saileko irakasle titularrak, eta Marcelino Sánchez González CENER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko Eguzki energia-termikoaren Saileko zuzendariak, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.

Tesiaren helburua zen zuzeneko eta zeharkako biltegiratze-termiko aktiboaren modelizaziorako egungo teknikak hedatzea. Garatu diren ereduen bidez lortu nahi da biltegiratze sistema baldintza iragankorretan ebaluatu ahal izatea.

Bere ikerketa lanaren beste alde bat izan da biltegiratze termikoaren osagaietarako garatutako ereduak aplikatzea maila globalean kaptadore zilindriko-parabolikoen zentral bateko eredu xehakatu eta oso bati. "Horrela, simulatzen da ez soilik biltegiratze-sistemaren portaera, baizik eta eguzki zentral termikoaren erantzunak bere osotasunean, inguruko ingurumen baldintzak aldatu egiten baitira".

Fritz Zaverskyk austriar nazionalitatea dauka, eta bere ikasketak hasi zituen Austrian Grazeko Teknologia Unibertsitatean. Han Ingeniaritza ikasi zuen eta, ondoren, Ingeniaritza Mekanikoan masterra egin zuen. Bere intereseko arloa garraioen teknologia izan da eta, bigarrenik, energia eta ingurumen ingeniaritza. NUPen egin du doktoretza, eta bere ikerketaren ardatz izan dira zenbakizko simulazioaren arloa eta eguzki energia-termoelektrikoko zentralen simulazio iragankorra. Gaur egun CENER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean egiten du lan, eta bere ibilbide akademiko eta profesionalean zehar, nazio mailako eta nazioarteko biltzarretan artikulu eta ekarpen ugari argitaratu ditu.