Campus Iberuseko unibertsitateetako (Zaragoza, Nafarroako Publikoa, Lleida eta Errioxa), Tolosako eta Pabe eta Adour Herrialdeko Unibertsitateetako zenbait ordezkari Jakan bildu ziren uztailean EBRoS 2020 proiektua ateratzeko. Osotara 287.000 euroko aurrekontua eta betetzeko 2 urteko epea dauzka, eta helburua da ikerketa eta berrikuntza gaietan kideen mugaz gaindiko lankidetza sendotzea, eta unibertsitateen eta eskualdetako industria ehunaren arteko elkarreragina hobetzea.
Proiektuak Europako FEDER funtsen finantzabidea ere badu, POCTEFA 2007-2013ren bidez (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa). Aipatu unibertsitateen arteko lankidetzarako ibilbide-orrian kokatzen da, EBRoS (European Bio Region of Science) Mugaz gaindiko Campus proiektuari esker. Proiektuaren lankidetza lerroek Campus Iberusen lau espezializazio esparruak dituzte ardatz: elikadura eta nutrizioa, energia iraunkorra, herritarren osasunaren zerbitzurako teknologia, eta oroimena, ondarea eta identitatea.
Sei unibertsitateen arteko lankidetza eta horien eta beren inguru produktiboaren arteko lankidetza sendotzeko xedez, EBRoS 2020ren helburua da bere kideek elkarrekin parte hartzea Horizonte 2020 programa berriaren Europako laguntzen deialdietan. Arreta berezia emango zaio mugaz gaindiko lankidetzari, eta unibertsitate horietako ikertzaileen lankidetza sustatuko da baterako proiektuetan.
Helburu berariazkoak
Lankidetza honen esparruan planteatzen diren helburu zehatz batzuk honako hauek dira: ikerketa sareak sortzea nekazaritzako elikagaien eta nutrizioaren eremuetan; abian jartzea partzuergo publiko/pribatuak, sortutako ikerketa sareetan enpresak sartuz; ikerketa eta berrikuntza jarduerak elkarrekin garatzeko aukerak maximizatzea; Europako funtsak biltzea eta parte hartzen duten eskualdeetako zenbait unibertsitatek eta enpresak proiektuetarako proposamenak egitea.
EBRoS 2020 proiektuak aurrera egin ahala, espero da parte hartzen duten unibertsitateetako europar proiektuen bulego/unitateen arteko lankidetza sendotzea, eta bai ikertzaileek bai enpresa parte-hartzaileek ezagut ditzaten Horizonte 2020 programak eskaintzen dituen laguntzen aukerak. Halaber, bilatzen da ezagutzera ematea Europako ikerketaren eta berrikuntzaren testuingurua, sei unibertsitateetarako garrantzitsuak diren ekimenak identifikatzea, eta eremu zehatzetan berrikuntzako eskualdeko agregazioak sortzea.