Joan eduki nagusira

zoom Luis Villoldo Ortega

Luis Villoldo Ortega

Luis Villoldo Ortegak bere doktoretza tesian aztertu du pazienteen historia klinikoaren eta datuen tratamendua. Osasun arloko datuen babesa, historia kliniko elektronikoa edo kontrol mekanismo berriak egiaztatzeko beharra, cloud computing edo teknologia hodeian izeneko horrekin, esparruan dira bere ikerketan aztertu dituen alderdietako batzuk. "Kontuan hartu behar da historia klinikoa zorduna izango dela teknologia hodeian izeneko horretan, eta horrek, berez, subjektuarentzat arrisku handia dauka, datu horiek bidean atzematen badira edota haien legez kanpoko erabilera egiten bada", dio bere lanean.

Bere tesiaren izenburua honako hau da: "Historia klinikoa. Haren datuen tratamendua". María Ángeles Egusquiza Balmaseda Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbide Zibileko katedradunak zuzendu du eta kalifikazio gorena erdietsi du: Bikain cum laude.

Lana hiru kapitulutan egituratu da. Lehenbizikoak historia klinikoaren analisi orokor bat eskaintzen du, ospitaleko errealitate den aldetik, eta bere oinarri juridikoa. Historia klinikoa pazientearen osasun laguntza errazten duen agiri bat da, bere gaixotasuna ezagutzeko eta osasuna berreskuratzeko informazio garrantzitsua ematen du; hala nola datuak, balioespenak, emandako arreta jardueraren informazio deskriptiboak, diagnostikoak, gomendio terapeutikoak, etab. Hori guztia osasun datuetan gauzatzen da, datu genetikoen, identitatearen, aurrekari pertsonal, familiar edo sozialen aldagaiekin, eta datu horiek guztiak bereziki babestuak daude" azaltzen du Luis Villoldok. "Horregatik, osasun arloko profesionalak sekretu eta isiltasunaren betebehar juridikoei lotu behar zaizkie, eta horrek mahairatzen du konfidentzialtasunaren irismenari eta mugei buruzko hausnarketa, pazienteen eskubideei lotutako betebehar juridiko bat baita".

Tesiaren bigarren kapituluak datuen babesa eta historia klinikoa eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideen erabilera ditu ardatz. Arreta berezia ematen zaio autonomia printzipioaren aplikazioari (pertsonaren duintasunean eta borondatearen errespetuan oinarritzen dena), esanguratsuenetako bat baita historia klinikoaren tratamenduan. "Problema esanguratsu bat da gaixotasunaren ondorioz, beren egoera fisiko edo psikikoa dela-eta, aldi baterako gaitasun kognitiboak kaltetuak dauzkaten pertsonena". Ikerketaren alde honetan azpimarratzen da historia klinikoan jasotako datuak laga edo komunikatzeko modua, zeren "bereziki babestuak daudenez gero, salbu aurretiko harreman juridiko edo kontratu bidezko batean askatasunez onartu badira, datu horiek beste helburu batzuetarako erabili behar badira, titularrak horretarako baimena eman behar du, espresuki eta zalantzarik gabe, ez bada lege edo arau komunitario batean espresuki aurreikusita dagoela".

Teknologiak hodeian dituen arriskuak

Doktoretza tesiaren azken aldea bilakaera teknologikoaren eta historia kliniko elektronikoaren errealitate berriaren testuinguruari buruzkoa da. "Gaur ezin ditugu alde batera utzi telemedikuntza kontzeptuan biltzen diren aplikazio informatikoak eta arreta modalitateak, txartel elektroniko adimenduna edo errezeta elektronikoa bezalako tresna berrien bidez, osasun datuak aldiberekotasunez eta edozein eremu geografikotatik kontsultatzeko aukera ematen baitute", dio Villoldok. Hori gauzatu ahal izateko, historia kliniko elektronikoak diseinu eta egitura komuna eduki behar du ezinbestez, elkarreraginkortasun semantikoa berma dadin, eta baliagarria izan dadin autonomia-erkidegoen arteko komunikazio euskarri gisa, osasun arloko intranet seguru batean ezarritako lotura nodoen bidez.

Azaltzen duenez, "kontuan hartu behar da historia klinikoa zorduna izango dela teknologia hodeian izeneko horrekin, eta zerbitzu hornitzailearen komenigarritasunaren arabera, datuok hirugarren herrialde batzuetan gordeko dira, eta horrek, subjektuarentzat arrisku handia dauka, datu horiek bidean atzematen badira eta datu garrantzitsu horien legez kanpoko erabilera egiten bada". Bere ustez, datuen titularraren autodeterminazio informatiborako eskubidea bermatzen duten kontrol mekanismo berriak egituratu beharko dira, exijentzia maila jaitsi gabe edo arduradunak bete beharreko datuen kontrola eta zaintza laxatu gabe. "Berme gehiago egon ahalko dira; esaterako, pazienteak eta profesionalak identifikatzeko eta egiaztatzeko exijituz, edo prozesuan parte hartzen duten profesionalei soilik sartzeko modua emango dieten sarbide naturalak sortuz".

Testuinguru horretan eta epe luzera, Villoldok dio planteatu beharko dela datuen babesa nola bermatu eta inpunitate hutsuneak nola ezabatu, mendean jarriz araurik ez duten hirugarren herrialde horiek, "zerbitzu globalizatuak emateko esparru honetan, mugaz gaindiko eraginkortasuna duten arau tresnak izan daitezen, nazioarteko agintaritza batek esku-hartzeko aukera egon dadin, eta pazientearen pribatutasunerako eskubidea gera ez dadin enpresaren irabazien atzetik".

Luis Villoldo Ortega Zuzenbidean lizentziaduna da Valladolideko Unibertsitatean (1972). 1975. urtean lanpostua eskuratu zuen oposizio bidez Gizarte Segurantzaren Administrazioko Goi mailako Teknikarien kidegoan, Bilbon jarduteko. Hogeita hamar urtez bere jarduera profesionala garatu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean (Bizkaia), Osasun Arlokoak ez direnen Zerbitzuko buru, eta langileen arloko zuzendariorde izan zen bertan, 2009tik 2013ra bitartean. 2007/2008 ikasturtean Osasun Zuzenbidean doktoretza-ikastaroekin hasi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta instituzio berean irakurri du bere doktoretza tesia.