Joan eduki nagusira

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hamaika lankidetza bekatarako deialdia egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat 2014-15 ikasturtean. Beken xedea da unibertsitateko ikasleak beren ikasketekin lotutako ikerketa lanetan hastea, eta graduko azken ikasmailako, Unibertsitateko Masterreko lehen ikasmailako edo antzinako titulazioetako bigarren zikloko ikasleei zuzenduak daude. Deialdi honetan parte hartzeko epea irailaren 15ean bukatzen da, eta eskaerak Ministerioaren Interneteko atariaren bidez egin behar dira.

Lankidetza bekek 2.000 euroko zuzkidura dute, eta Unibertsitateko hainbat saili lotuak daude. Zehatz-mehatz, honako hauei: Geografia eta Historia, Nekazaritzako Ekoizpena, Psikologia eta Pedagogia, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Natura Ingurunearen Zientziak, Gizarte Lana, Kimika Aplikatua, Soziologia, Osasun Zientziak, Elikagaien Teknologia eta Automatika eta Konputazioa.

Deialdia bukatu eta gero, beka hutsak geratzen badira, beka bat esleituko zaio hurren hurren lehen puntuan beka esleitu ez zaion sail bakoitzari, lehentasun hurrenkera honi jarraiki: Zuzenbide Pribatua, Landa Ingeniaritza eta Proiektuak, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza, Zuzenbide Publikoa, Enpresen Kudeaketa, Fisika, Ekonomia, Matematika eta Informatika Ingeniaritza, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa, Matematika eta Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika.

Lankidetza beka hauetarako hautagaiek ez dute eduki behar lizentziadun, ingeniari, graduatu edo master ofizialeko titulurik, 2014-15 ikasturtean NUPen matrikulatuak egon behar dute, eta batez besteko nota jakin bat eduki behar dute, titulazio bakoitzaren arabera.