Julio Lafuente López Unibertsitateko errektoreak eta Luis Barriendo Antoñanzas Nafarroako Rural Kutxako buruak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, irakaskuntza, ikerketa eta unibertsitate zabalpeneko programak garatzeko. Hitzarmen horren bidez, Rural Kutxak baliabideak emango dizkio Unibertsitateari mugikortasun bekak, Banku eta Finantzetan Aditu tituluaren praktikak, ekintzaileen laguntzak, eta kultura zientifikoari buruzko erakusketa iraunkor bat egiteko materiala erosteko.
Kontusail handiena ikasleen mugikortasun beketarako erabiliko da. Joan den urtean, guztira 279 ikaslek izan zituzten laguntza hauek, gehienak Erasmus programaren bidez, eta gainerakoak, Virrey Palafox, Aldebiko Hitzarmenak, Martín de Rada, ISEP USA, ISEP Internacional, eta Erasmus Máster programen bidez.
Hitzarmenean mantendu egiten dira, baita ere, Unibertsitate-Gizarte Fundaziorako laguntzak, Banku eta Finantzetan Aditu tituluaren ikasleek praktikak egin bitartean dituzten prestakuntza gastuak ordaintzeko xedez, eta lerro bat sortu du enpresak sortzen dituzten ekintzaileei laguntzak emateko. Azkenik, hitzarmenean jasotzen da kultura zientifikoari buruzko erakusketa iraunkor baterako beira-arasak erosteko ekarpen ekonomikoa ere bai.
Bestalde, eta hitzarmenaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Rural Kutxa bere finantza erakunde lehenetsietakotzat jo eta hala jardungo du berarekin bere funtsen ohiko mugimenduak egiteko: matrikulak, nominak, altxortegia, transferentziak, etab.
Ildo honetan, produktuak eta zerbitzuen eskaintza zehatza egingo die Rural Kutxak Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta erakundea osatzen duten estamentuei baldintza, ezaugarri eta tarifa bereziekin.