Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abuztuaren 4an zabalduko du zazpi zero ikastarotan izena emateko epea, heldu den 2014-15 ikasturtean Gradu ikasketetan hasiko diren ikasleentzat. Ikastaro hauek abuztuaren bigarren hamabostalditik irailaren hasiera bitartean emango dira, eta helburua dute ikasleei matrikulatu diren titulazioari buruzko gaietarako sarrera ematea, beren Batxilergoko edo Lanbide Heziketako prestakuntza sendotzeko eta Unibertsitatean erabilgarriak gertatuko zaizkien metodologia oinarriak emateko. Matrikula abuztuaren 11ra arte egingo da interneten bidez edo Arrosadiko Campuseko Administrazio eta Kudeaketako eraikinean.

Hauek dira ikastaroak: Adierazpen Grafikoa, Matematika (2), Estatistika (2), Fisikaren Hastapenak, Kimika. Programatuta daude Estatistika eta Matematikako bi ikastaro bereizi, batetik Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien eta Nekazaritza Ingeniarien Eskoletako ikasleentzat; eta, bestetik, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoentzat; eta, azkenik, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolakoentzat.

Ikastaroek izango dituzten egunak, orduak eta titulazioak ikusgai daude NUPen webgunean (www.unavarra.es). Ikastaro bakoitzaren ikaspostu kopurua hirurogei da, eta ikastaro batean parte hartzeak ez du irakaskuntza kredituak aitortzeko eskubiderik ematen. Ikastaro bakoitza hogei ordukoa da, Kimikakoa izan ezik, 15 ordukoa izango baita.

Matrikula egiteko aukera dago interneten bidez edo modu presentzialean Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketako eraikineko Graduondo Atalera joanez, 8:30etik 14:00etara bitartean. Inskripzioa egiteko inprimakia NUPeko webgunean dago jaisteko. Onartuen zerrenda abuztuaren 14an argitaratuko da Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Unibertsitatearen webgunean. Ikastaroa ez bada ematen, eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura (15 ikasle) iritsi ez delako, ordaindu diren tasak itzuliko dira, matrikula egitean ikasleak eman duen kontu korronteko zenbakian.