Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako (Zaragoza, Nafarroako Publikoa, Errioxa eta Lleida) berrogei doktoregaitik gora eta Pabeko Unibertsitateko zenbait ordezkarik parte hartu dute uztailaren 2 eta 3an Doktoretza Jardunaldien lehenengo edizioan, Jakako Unibertsitateko egoitzan. Jardunaldiaren xedea zen Campus Iberuseko doktoregaien arteko harremanak sustatzea eta baita erakustea ere unibertsitateko ikerketa karrerarekin loturiko alternatiba profesionalak, eta doktoreek ekintzaletzan eta enpresa berrikuntzan duten zeregina.
Parte-hartzaileek bi egunez beren ikerketa lanak erakutsi eta esperientziak trukatu dituzte, diziplina anitzeko giro aberasgarri batean. Jarduera programan lantegiak, mahai-inguruak eta hitzaldiak ere egin dira, honako edizio honetan doktoreen lanerako aukeretara bideratuak izan direnak.
Jardunaldiei itxiera emateko, sariak banatu ziren. Epaimahaiaren saria, Comarca de la Jacetania eskualdeak babestua, José María Barca epaimahaiburuak eman zion Sergio Aguado Zaragozako Unibertsitateko ikertzaileari. Bestalde, doktoregaiek emandako saria, Turismo de Montaña klusterrak babestua, “ex-aequo” eman zieten Siby I. Garcés eta Aránzazu Mendívili, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta Zaragozako Unibertsitatekoa, hurrenez hurren, eta Pedro Marco klusterreko lehendakariaren eskutik jaso zuten.
Siby I. Garcés, Miguel Ángel Rodríguez Barranco Errioxako Unibertsitateko Ikerketako errektoreordearekin batera
Siby I. Garcés Polo doktoretza aurreko bekaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ingeniari kimikoa da San Buenaventura Unibertsitatean (Kolonbia) eta Magister Ingeniaritza Kimikoan Zuliako Unibertsitatean (Venezuela). Bere doktoretza tesia Kimika Aplikatuko Saileko TAMA Tecnologías y Aplicaciones Medioambientales (Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak) ikerketa taldean egiten ari da, Antonio Gil Bravoren eta Sophia Koriliren zuzendaritzapean.
Jardunaldi hauetan bere doktoretza tesiaren lana aurkeztu zuen, gas-efluenteek isurtzen duten CO2aren kaptura eta balioespena aztertzen duena. CO2 isurpenen % 70etik gora energiaren arlokoak dira, zentral termoelektrikoetakoak, erregai fosilen errekuntzagatik, eta energiaren eskariaren aurreikuspenak areagotzeko joera erakusten dute epe labur eta ertainera. Hori arintzeko dauden alternatiben artean dago CO2aren kaptura, ondoren biltegiratzeko. Bere lanean, Siby Garcések aztertu du CO2 aren adsortzioa materiales porosoen erabileraren bidez. Horrelako azterlanak oinarrizkoak dira CO2aren kaptura prozesuak diseinatu, simulatu eta egiteko. Alde horretatik, esan beharra dago Espainian gaur egun proiektatzen diren teknologiak energia kopuru handiak behar dituzten beste kaptura metodo batzuk erabiltzen dituztela.
Amaiera ekitaldian egon ziren Zaragozako Unibertsitateko Berrikuntzarako eta Teknologia Bestetaratzeko errektoreordea, Errioxako Unibertsitateko Ikerketako errektoreordea eta Lleidako, Zaragozako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza eskoletako zuzendariak.