Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bioestatistikako biltzar bat egingo du uztailaren 21 eta 22an, hurrengo astelehen eta asteartean, Iruñean. Estatistikaren adar hori bizitzaren zientzietan, esate baterako biologian edo medikuntzan, sortzen diren arazoez arduratzen da. Minbizia, transplanteak edo genetika dira, estatistikaren bidez, topaketa honetan aztertuko diren eremuetako batzuk. Erakunde honen udako ikastaroen barruan antolatu da topaketa.

Biltzarraren helburu da bioestatistikako eta esperimentuen diseinuko ezagutzak eta esperientziak eta beren aplikazioak trukatzea doktoretza aurreko ikertzaileen edo doktoretza duela gutxi lortu dutenen (ikertzaile gazteak) eta eremu horietako profesionalen artean. Topaketa honetan ikerketa lanak aurkeztuko dira, eta, aldi berean, sei adituk jardunaldiak dinamizatuko dituzte hainbat txosten eta hitzaldiren bidez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko DECYL (Datuak, Estatistika, Kalitatea eta Logistika) ikerketa taldeak eta Bioestatistikako Sare Nazionalak (BIOSTATNET) antolatu dute topaketa. Sare tematiko hori aitzindaria da Espainian, eta gai horretan lanean ari diren ikertzaileak harremanetan egoteko balio du. 8 nodo eta 189 kide ditu (Espainiako 25 unibertsitatetakoak, Espainiako 22 erakunde biomedikotakoak eta atzerriko 20 erakundetakoak). Sarearen helburuetako bat da biomedikuntzako ikerketaren aplikagarritasuna arlo horretan ahalbidetzea.

Ikastaroaren izenburua "Estatistikako gazte ikertzaileen III. Biltzarra-Udako Ikastaroa: esperimentuen diseinua eta bioestatistika (JEDE III) da, eta estatistika kontuak aztertuko dira, hainbat ikasketa-arloren artean minbiziari, genetikari, epidemiologiari, toxikologiari, transplanteei edo zainketa intentsiboetako unitateei aplikatuak.

Horrez gainera, Bioestatistikako Sare Nazionalak (BIOSTATNET) bi sari emango ditu, bakoitza 300 eurokoa, gazte ikertzaileek aurkeztutako txosten hoberenei.

Ikastaroa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sario eraikinean egingo da, eta Cristina Azcárate Camio, José Antonio Moler Cuiral eta Henar Urmeneta Martínez-Calero Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko irakasleek zuzenduko dute.

Udako ikastaroak Nafarroako zazpi udalerritan

Udako hilabete hauetarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoak udako 24 ikastaro programatu ditu guztira, eta Nafarroako zazpi udalerritan egingo dira. Unibertsitatea akordioetara iritsi da Berriozar, Lizarra, Garde, Zangoza, Tafalla eta Zizur Nagusiko udalekin hainbat udako ikastaro egiteko. Udalerri horiei Iruñea gehitu behar zaie, Nafarroako Unibertsitate Publikoak urte asko baitaramatza lankidetzan udalerri horrekin ekimen hau antolatzeko. Ikastaroetarako inskripzioa zabalik dago, eta Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez egin behar da. Unibertsitateak emango dituen 24 udako ikastaroetatik hamaika Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen programaren barruan daude.