Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur, osteguna, uztailak 17, irekiko du epea 2014-2015 ikasturteko graduetarako ohiz kanpoko aurreinskripzioa egiteko. Ikasleek www.unavarra.es Unibertsitatearen webgunearen bidez eskatuko dute ikaspostua uztailaren 18ra arte, ostirala, eta egun horretan 14:00ak arte, ohiko epeko eskaerak tramitatu ondoren ikaspostu hutsak dituzten titulazioetan.

Bihar, ostirala, amaituko da baita ere prozesu honetarako eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea. Unibertsitatean Sartzeko Probak (USP) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela, edo erreserba kupo baten bidez sartu nahi dutela. Dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute, iruñeko Arrosadiko Campusean, edo posta ziurtatuaren bidez bidali behar dute.

Bigarren deialdi honetan aurreinskripzioa egiten duten ikasle onartuen zerrenda uztailaren 30ean, asteazkenarekin, jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek irailaren 8an, astelehenarekin, egingo dute matrikula. Erreklamazioak egiteko aukera ere izango da uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean.

1.800dik gora ikaspostu hurrengo ikasturterako

Gogoratu behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.825 ikaspostu eskainiko dituela osotara 2014-2015 ikasturterako 18 gradutan banatuak. Ikastegien arabera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa izango da ikaspostu berri gehien edukiko duena, 520 edukiko baititu osotara. Ondoren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea dator, 450 ikasposturekin; Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 370 ikasposturekin; Zientzia Juridikoen Fakultatea, 175 ikasposturekin; Osasun Zientzien Fakultatea, 160rekin; eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa, 150 ikasposturekin.