Oihane Orrio Rey Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako ikaslea da, eta Aspacek Zizur Txikian duen Ramón y Cajal zentroko lorategiak berriz diseinatzeko proiektua egin du. Zentro horretako langile, zuzendaritza eta erabiltzaileekin elkarlanean garatu da ideia hori, eta Oihane Orriok Graduko bere unibertsitateko titulazioa amaitzeko egin duen Amaierako Proiektuaren oinarria da.
Proiektu horren helburu nagusia izan da Ramón y Cajal zentroaren instalazioak erabiltzaileen beharretara egokitzea, kanpoko lorategien eta barruko hainbat etxarteren diseinu espezifiko baten bidez. Fundación Aspace Navarra Residencialek (FANR) kudeatzen du Ramón y Cajal zentroa.1983. urtean ireki zituen ateak zentroak eta 90 postu ditu. Horietatik 30 egoitzan dira. Zentro honen helburua da garun paralisia edo antzekoren bat dutenen gaitasunak garatzea jarduera integralen bidez aisialdiko ingurune egoki batean.
“Ramón y Cajal zentroa berritzea eta lorategiz hornitzea” da Gradu Amaierako Proiektu honen izenburua. María Jesús Laquidain Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak egin du tutoretza, eta María Jesús Velas Marrazketa Teknikoko irakaslearen laguntzarekin egin da. Ramón y Cajal zentroko lorategiak berriz diseinatzeko ideia duela urte bat sortu zen Unibertsitateak sustatutako Ikaskuntza eta Zerbitzu Jardunaldi batzuetan. María José Aliaga zentroaren zuzendariak jardunaldi horietan parte hartu zuen.
Eremu sozialeko lorezaintza
Eremu sozialeko lorezaintza proiektu horrek hiru esparru desberdinetan banatzen ditu jarduerak, eta bere helburua da instalazioak egokitzea erakargarriagoa izateko eta erabiltzaileen behar eta nahietarako erabilgarriagoak izateko, Gradu Amaierako Proiektuaren txostenean agerian ipintzen denez.
Lehenengo jarduera eremua egoitzako lorategia da. Kolore anitzeko landare espezieez hornitutako eremu bat sortu da, eta baita erabiltzaileei eta senitartekoei zentroan nahi duten tokitik ibiltzeko aukera emango dieten bide batzuk ere. Eremu hori osatzeko, barbakoa bat sortu da, zirkulu formako askaltegi bat daukana, eta oraingo saskibaloi zelaia kulunka irisgarriak, joko mahaiak eta beste elementu batzuk dituen hiri parke bat bihurtu da.
Eguneko Zentroaren inguruak berritzeko asmoa ere badago. Jolastoki bat sortu eta sarrera aldatu nahi da lorategiz hornitutako eremu handi bat sortzeko. Sarrerak kokaera berria duenez eta egoitzako lorategiaren ondoko aparkalekua handitu denez, baimendutako ibilgailuak baino ez dira sartuko zentrora esparruaren alde horretatik. Hiru plaza zirkular ere egingo dira. Horietako batean, erabiltzaileek eskatuta, bi oilategi jarri dira.
Azkenik, eraikinetan lorategiz hornituak dauden etxarteetan esku hartzea ere proposatzen du Gradu Amaierako Proiektuak. Etxarte horietatik 8 egoitzan daude, eta beste biak eguneko zentroan daude. Espezieak berritzea, kasu batzuetan zolatzea edo jarduera terapeutikoetarako eremuak sortzea proposatzen da.
Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek bulego tekniko baten aholkularitza daukaten beren Gradu Amaierako Proiektuak egiteko. Hainbat espezialitatetako 10 irakaslek osatzen dute bulego hori, eta irakasle horiek laguntza teknikoa ematen diete ikasleei, beren lanen alderdiren bati buruzko zalantzak dituztenean. NIGMET ere aztertzen ari da proiektu teknikoei buruzko aukerako irakasgai bat jartzea titulazioen zazpigarren seihilekoan.
Sentsibilitatea talde ahulekin
Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak hainbat ekimen jarri ditu abian azken urteetan, bere titulazioetako ikasleen prestakuntza hobetzeko zeharkako gaitasunen eta Ikaskuntza eta Zerbitzuko zerbitzuen ezarpenaren bidez. Alberto Enrique Eskolaren zuzendariak bultzatu du programa, eta programaren azken helburua da ikasleek gizarteko talde ahulenganako sentsibilitatea izatea.
Esparru horretan dago Eskolako Praktiketarako Etxaldean sustatutako proiektua, Paris 365 jantoki sozialera eramaten diren barazkiak hazteko. Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduaren bi irakasgaietako ikasle boluntarioak arduratzen dira aldaerak eta landatze datak aukeratzeaz eta jarraipena egiteaz.
Ikaskuntza eta Zerbitzua ikaskuntza metodologia bat da, eta metodologia horren bidez ikasleak ikasgelan ikasitakoa praktikara eramateko aukera dauka, eta, aldi berean, hainbat balio sustatzeko aukera dauka, hala nola gizartearekin konprometitzeko eta erantzukizuna, solidaritatea eta parte-hartzea.