Joan eduki nagusira

Osotara 3.223 pertsonak egin dute aurreinskripzioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2014-15 ikasturtean Gradu ikasketak egiteko. Onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 4an, ostiralean, jarri da jendaurrean, aurreinskripzio epea amaitu eta gero, eta matrikula uztailaren 16, 17 eta 18an egin behar da Interneten bidez. Lehen aukerako aurreinskripzioak gehitu egin dira bereziki Osasun Zientzien Fakultatean (Erizaintza eta Fisioterapia Graduetan); Zuzenbide Graduan eta EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzean; Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduak); eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Graduan. NUPek graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.825 ikaspostu eskaini ditu osotara heldu den ikasturterako.

2014-15 ikasturterako Unibertsitatean aurreinskripzioa egin dutenen kopurua osotara zerbait handiagoa da iazko datuekin alderatuta. Zehazki, 51 aurreinskripzio gehiago egin dira iazko ikasturtean erregistratutako 3.172 aurreinskripzioekin alderatuta. Titulazioen arabera, aipatzekoa da Osasun Zientzien Fakultateak eskaintzen dituen graduetan (Fisioterapia eta Erizaintza) ia sei ikaslek egin dutela aurreinskripzioa lehen aukeran ikaspostu bakoitzeko. Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Graduko aurreinskripzioen kopurua nabarmen gehitu da, bi urteko epean bikoiztu egin baitira.

Ostiral honetan jendaurrean jarri den zerrendan onartutakoek Interneten bidez egin beharko dute matrikula (www.unavarra.es) uztailaren 16tik 18ra. Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Osasun Zientzien Fakultateko graduetan onartutako ikasleek uztailaren 16ko 9:00etatik uztailaren 17ko 9:00etara arte egingo dute matrikula era jarraituan. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartuak izan direnek uztailaren 17ko 9:00etatik uztailaren 24ko 9:00etara arte egingo dute matrikula, eta horiek ere era jarraituan. Egutegi osoa Unibertsitateko webgunean dago ikusgai.

Interneteko sarbiderik ez duenak, automatrikula Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezake, Ikasgelategiko 017. ikasgelan, beheko solairuan, aurretik aipatu egunetan, 9:00etatik 14:00etara. Tuterako Campusean ere ikasgela bat egongo da bertan automatrikula egiteko.