Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Alicia Martínez Ramírez eta Alberto Cuesta Remón (NUP), eta Carmen Frauca Sagastibelza eta Javier Mediavilla Tris medikuak

Ezkerretik eskuinera, Alicia Martínez Ramírez eta Alberto Cuesta Remón (NUP), eta Carmen Frauca Sagastibelza eta Javier Mediavilla Tris medikuak

Alberto Cuesta Remón Informatika ingeniaria denak Nafarroako Unibertsitate Publikoan, aplikazio bat garatu du asmak jotako pazienteen jarraipen eta kontrola egiteko gailu mugikor baten bidez. Egun dauden beste aplikazio batzuek ez bezala, zeinek erabiltzailea datuak inprimatzera eta medikuari eramatera behartzen baitute, aplikazio honek pazienteen eta medikuaren arteko harreman zuzena ahalbidetzen du. Medikuak gailuaren bidez jasotzen ditu intzidentzien jarraipen eta kontrolerako galdetegiak. "Hasiera batean, aplikazioa Ipaderako diseinatu da, baina gure helburua da era guztietako gailu mugikorretan ezartzea eta zabaltzea. Laguntza ekonomikoak eskatu ditugu deialdi publikoetan, eta laguntza horiek lortzen baditugu, gailua garatzen lagunduko digute", esan du Alberto Cuestak.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, asma gaixotasun nagusietako bat da, eta haurren artean gehien ematen den gaixotasun kronikoa da. Munduan 235 milioi bat pertsonak asma dutela jotzen da, eta gaixotasun honek eragindako heriotzak ia % 20 gehituko dira hurrengo 10 urteetan, presako neurriak hartzen ez badira. Hori dela eta, osasun arazo handi bat da. Gaixotasuna ez da sendatzen, baina diagnostiko baten, tratamendu egoki baten, eta pazientearen heziketaren bidez gaixotasuna ongi kontrola daiteke.

NUPeko Matematika Sailean, Aljebra eta Aplikazioak ikerketa taldearen barruan, egin du Alberto Cuestak ikasketen amaierako proiektua. Alicia Martínez Ramírez eta Pablo Lecumberri Villamediana izan dira tutoreak. Bestalde, Carmen Frauca Sagastibelza eta Javier Mediavilla Tris, Mutiloa eta Mendillorriko Osasun Etxeetako Lehen Mailako arretako medikuek ere lagundu dute proiektuan.


Mediku-pazientea harremana


"Egun badauden beste aplikazio batzuek eskaintzen dituzten funtzionaltasunez gainera, medikuaren eta pazientearen arteko harremanetarako balioko duen aplikazio bat garatzea pentsatu genuen", nabarmendu du Alberto Cuestak. Alde horretatik, azaldu du medikuak bere pazienteak erregistratzen dituela beren bilakaeraren jarraipena egin ahal izateko, eta pazienteek beren datuak gordetzen dituzte Osasunbideko asmaren jarraipen protokoloan dagoen galdetegi erraz bat erantzunda. "Aplikazioaren bidez bai asmaren jarraipen eta kontrolerako galdetegiak, bai diagnostiko eta intzidentzia inprimakiak formatu digitalera pasatzen dira".

Azken helburua da, behin balidatu eta gero, tresna hori hainbat eremu klinikotan erabiltzea, bere arnas eritasunaren jarraipena eta kontrola medikuen bidez kontrolatua duen biztanleriaren ehunekoa handitzeko.